EH Bilduk erakunde guztietan "arduraz" lan egiteko konpromisoa hartu du, baina "helburu argiarekin" ariko litzateke: "Erakundeek gatazka bere osotasunean konpontzeko lan egin dezaten lortzea, bere arrazoi eta ondorioei erantzun ematen, euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duen bezala". Hala esan dute gaur koalizioko kide Pernando Barrenak (ezker abertzalea) eta Juanjo Agirrezabalak (EA), Donostian emandako prentsaurreko batean. Biekin batera izan dira Aritz Romeo (Aralar) eta Xabi Soto (Alternatiba).
Haien ustez, gaur egun "blokeo egoera" dago eta hori "konpontzeko lan egin behar dute instituzioek. Lan hori funtsezkoa da, eta Euskal Herriaren erakundeetako lehentasunetako bat izan behar du".
Gatazkaren ondorioetan bi gai jo ditu EH Bilduk "ardatz nagusi" gisa: euskal presoen auzia eta biktima guztien aitorpena eta erreparazioa.
Gatazkaren "sustrai politikoei" dagokionez, "Euskal Herria nazio bezala aitortua izan dadin, erabakitzeko eskubidearen alde eta, noski, herritarren borondatea errespetatua izan dadin lan egin behar dute erakundeek", Barrenak eta Agirrezabalak esan dutenez.
EH Bildu prest dago Eusko Legebiltzarreko bakegintzako batzordean parte hartzeko, baina berretsi du ezinbestekoa dela ponentziak "gatazkaren erabateko konponketaren beharrei erantzutea".