posta bidezko botoak

EH Bilduk Gipuzkoan ez dauka ziurtatuta boto gehien jasotako indarraren postua

Estatuko mugetatik kanpo bizi diren herritarren 6.801 boto kontatuko dituzte ostiralera artean. Gipuzkoan koalizioak 482 botoren aldea kentzen dio EAJri, eta herrialdean orain 2.960 boz kontatuko dituzte. EAEn legebiltzarkide kopuruan ez da aldaketarik izango.

Berria.info
2012ko urriaren 23a
11:17
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako aurtengo hauteskundeetan Espainiako Estatuko mugetatik kanpo bizi diren herritarren botoak zenbatzeko daude —ostiralera artean kontatuko dituzte—, haien artean botoa emateko aukera zuten 56.640 lagunetatik 6.801enak kontatuko dituzte —gehienek ez zuten botoa igorri, eta igorritakoen artetik 6.801 onartu ditu Hauteskunde Batzordeak—, eta:

- Legebiltzarkide kopuruan ez da aldaketarik egongo —Araban baino ez dago aukera bat, baina oso-oso txikia—.

- Boto aldetik, Gipuzkoan EH Bilduk boto gehien jasotako indarraren postua galtzeko arriskua du.

Legebiltzarkideak

- Araba. Barrutiko 25. legebiltzarkidea PSE-EEk eskuratu zuen atzo, bere 6.a. Hain zuzen, D'Hont legearekin, bere 30.267 botoen zatiketak eginda, 5.044,5ekin lortu zuen aulki hori. Ondoren, 25. aulki horren lehian, EAJ geratu zen, 5.002,2rekin (40.018 boto denera). Jeltzaleek, orain, estatuko mugetatik kanpoko herritarren botoen poltsan, 338 botoren aldea kendu beharko liekete sozialistei. Araban mota horretako 641 boto zenbatuko dituzte aurten. 2009ko martxoaren 1eko hauteskundeetan EAJk bildu zuen estatutik kanpoko boto gehien Araban: 146. PSE-EEk, 140. Ondorioz, ezinezkoa dirudi EAJk orain herrialdeko 25. aulki hori kentzea PSE-EEri. Beraz, EAJ 7rekin geratuko da, EH Bildu 6rekin, PSE-EE ere 6rekin, PP 5ekin eta UPD 1ekin. (2009ko bozetan PSE-EEk azkenean beste legebiltzarkide bat eskuratu zuen estatutik kanpoko botoei esker; boto batengatik, EAri kendu zion).

- Bizkaia. Legebiltzarkide aldetik ez dago ezer jokoan Bizkaian. Izan ere, barrutiko 25. legebiltzarkidea EAJk erdietsi zuen, eta D'Hont sistemako hurrenkeran datorrena ere EAJrena da. Beraz, EAJ 11rekin geratuko da, EH Bildu 6rekin, PSE-EE 5ekin eta PP 3rekin. Estatutik kanpoko 3.200 boto zenbatuko dituzte Bizkaian aurten.

- Gipuzkoa. Dena erabakita dago. Espainiako Estatutik kanpoko 2.960 boto zenbatuko dituzte, eta EH Bilduk bere 10. aulkia lortu —hurrenkeran 26.a berea da— eta EAJri bere 9.a —barrutiko 25.a— kentzeko beste 12.182 behar ditu. Beraz, matematikoki ezinezkoa da. Ondorioz, EH Bildu eta EAJ 9narekin geldituko dira, PSE-EE 5ekin eta PP 2rekin.

- EAE. EAJ 27rekin geratuko da, EH Bildu 21ekin, PSE-EE 16rekin, PP 10ekin eta UPD 1ekin.

Botoak

- Araba. Estatutik kanpoko 641 boto kontatuko dituztenez, EAJ izango da boto gehien bildutako indarra. 40.018 zenbatu zituen atzo. EH Bildu bigarrenak 34.122, PSE-EE hirugarrenak 30.267, PP laugarrenak 29.303, UPD bosgarrenak 5.435. Ezker Anitzak, 4.570ekin, ez zuen aulkirik eskuratu.

- Bizkaia. Estatutik kanpoko 3.200 boz kontatuko dituzte, eta ez da aldaketarik izango bozkatuen zerrendan. EAJk 229.569 eskuratu zituen atzo, EH Bilduk 128.407, PSE-EEk 113.147, PPk 70.444. Hurrenak —Ezker Anitzak—, 16.049 boto; beraz, aulkirik ez.

- Gipuzkoa. Gerta daiteke aldaketa. Izan ere, estatutik kanpoko 2.960 boto kontatuko dituzte, eta  EH Bilduk, boto gehien jaso duenak, 482 botoren aldea kentzen dio EAJri (aurrenak 114.460 boto, bigarrenak 113.978). 2009ko bozetan estatutik kanpoko boto gehien EAJk eskuratu zuen Gipuzkoan: 1.135. Orduan ezker abertzalearen hautagaitza baliogabetuta zegoen —D3M—. Aralarrek eta EAk —biak EH Bildun orain— 322 boto lortu zituzten —189 eta 133, hurrenez hurren—. PSE-EEk atzo 68.525 boto jaso zituen; PPk, 30.160. Ezker Anitzak 9.560, baina aulkirik ez.

- EAE. Ondorioz, ez da aldaketarik izango postuetan. EAJk jaso du boto gehien: 383.565. EH Bildu bigarrenak 276.989 pilatu zituen, PSE-EE hirugarrenak 211.939, PP laugarrenak 129.907. Bosgarren, bototan, Ezker Anitza geratu zen, 30.179rekin, baina ez zuen lortu aulkirik, eta bai UPDk, 21.492rekin, Araban %3ko muga gainditu zuelako. 

2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan estatutik kanpoko 43.660 lagunek izan zuten boza emateko aukera, eta 4.500 kontatu zituzten azkenerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.