Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

EH Bilduk helegitea jarriko du Arnaldo Otegiri aurkeztea debekatzearen kontra

Hauteskunde Batzordeak gaur jakinarazi dio EH Bilduri Arnaldo Otegi "aukeraezina" dela. Koalizioa ez dago erabakiarekin ados, eta Oihane Zabaleta bozeramaileak iragarri du erabakiaren kontrako errekurtsoa aurkeztuko dutela. "Eskubide bortxaketa" salatu du; "Demokraziaren aurkako erabakia da. Herritarrek nahi duten lehendakaria hautatzea da auzi nagusia, ez Otegi izatea ala ez".

Arnaldo Otegi, Jakin aldizkariak eta EHUko Udako Ikastaroek antolatutako saioan. JON URBE / ARGAZKI PRESS
2016ko abuztuaren 24a
07:20
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak erabilitako terminologia bera erabili du Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak, ebazteko EH Bilduk ezin duela Arnaldo Otegi aurkeztu zerrendetan: "Hautaezina" da. Batzordea ez da auziaren mamian sartu; baieztatu egin du inhabilitazio zigor bat indarrean duela Otegik, eta, horren arabera, ezin dela irailaren 25ean Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztu.

EH Bilduk baieztatu du erabakiaren kontrako errekurtsoa aurkeztuko duela. Hauteskunde Batzordearen erabakia "demokraziaren kontrakoa" dela azpimarratu du Oihane Zabaleta bozeramaileak. Koalizioaren lehendakarigaia Otegi dela berretsi du, eta ohartarazi du beren esku dagoen guztia egingo dutela legez ere halaxe izan dadin. Hala, hauteskunde kanpainako eztabaida proiektuen gainean izatea nahi luketela azaldu du,: "Denekin eztabaidatu nahi dugu, hori da eztabaida gunea. Herri honen etorkizuna da eztabaida nagusia".

Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu ditu hauteskunde zerrendak, eta bertan ageri da Otegi. Behin betiko erabakia abuztuaren 29an egingo da ofizial, zerrendetako akatsak zuzendu eta gero. Zerrenda zuzentzeko eskatu dio Hauteskunde Batzordeak EH Bilduri, eta koalizioak bi eguneko epea du orain batzordearen erabakiaren aurka helegitea aurkezteko.

09:30erako zuten hitzordua koalizio subiranistako ordezkariek batzordean, erabakiaren akta jasotzeko. EH Bilduk abuztuaren 28ra arteko epea du orain zerrendak zuzentzeko. Hauteskunde Batzordeak abuztuaren 29an ikuskatuko du zerrendetako akatsak zuzendu diren, eta orduan argitaratuko ditu hautagaitzak. EH Bilduk iragarri du helegitea aurkeztuko duela batzordearen erabakiaren aurka. Batzordeak behin betiko erabakia hartu ostean, irailaren 2ra arteko epea du horretarako. Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo dezake Otegiren defentsak, eta auzitegi horretako magistratuek irailaren 7ko gauerdira arteko epea dute behin betiko erabakia hartzeko.

Bateragune auzian, 2021era arteko inhabilitazioa ezarri zioten Otegiri, sei urte eta erdiko espetxe zigorraz gain. Inhabilitazioa ez gauzatzeko eskatu zuen Sortuko idazkari nagusiak, zigorrak zein karguri eragiten dion ez duela zehazten argudiatuta, baina Auzitegi Nazionalak atzera bota zuen urtarrilean babes helegitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.