Bide azpiegiturak

EH Bilduk irakurketa "manipulatua" egin zuela argudiatu, eta Bidegiren diru kontuak defendatu ditu Gipuzkoako Aldundiak

Finantza egoera ona dela nabarmentzeko agerraldi bat egin dute erakundeko buruek, eta nabarmendu dute zorraren birfinantzaketarik eta aldundiaren diru ekarpenik ez dela behar izan inoiz.

Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide. artxiboko irudian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
arantxa iraola
2016ko maiatzaren 16a
08:31
Entzun

"Sinesten dugu Bidegi ereduan". Erakunde publikoaren jardunaren defentsa irmoa egin du gaur goizean erakundearen egoitza nagusian, Zarautzen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek. Erakundeko zuzendari Alfredo Etxeberriaren ondoan datu sorta bat plazaratu du Bidegiko finantza egoera ona dela erakusteko; esaterako, iazko jarduna 22 milioi euroko saldo positibo batekin amaitu dela nabarmendu dute. Bidegik finantza erakundeekin hitzartutako zorra pagatzeko arazorik ez duela erakusteko datu bat nabarmendu dute: zorraren zerbitzuaren ratio estaldura beti ezarritako mugatik —1,1—  gorakoa izan da. 2011n 1,25ekoa, 2012an 1,44koa, 2013an 1,21ekoa, 2014an 1,53koa eta iaz 1,33koa.

Datu horiekin erantzun nahi izan diete aurreko legealdian EH Bilduren gobernuak Bidegiren bideragarritasun ekonomikoaren inguruan plazaratutako zalantzei. Bidegiri "kalte egiteko" asmoz egindako adierazpenak izan zirela adierazi du Oiarbidek. Bidegiren egoera ona dela errepikatu du behin eta berriz, ordea, eta erakundearen esku lagako dituela Gipuzkoak errepide sarean berriki egin nahi dituen egitasmo nagusiak —GI-632 errepidean Antzuola-Bergara lotzeko errepide berria eta Etzegaraten ibilgailu astunei bidesaria kobratzen hasteko plana—. Bi egitasmoak datorren urte hasierarako martxan nahi dituzte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.