Hezkuntza

EH Bilduk neurriak proposatu ditu eskola segregazioa amaitzeko

Gasteizko kasuaz ohartarazi du Rebeka Uberak, "eskola segregazioaren paradigma" delako. Gaiari heltzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari.

Gasteizko Eskola Publikoaren aldeko Plataformaren protesta bat, Gasteizen. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
aitor biain
2018ko urtarrilaren 18a
14:19
Entzun

Eskola segregazioaren auziak gizarte arrakala areagotzen duela argudiatuta, hainbat neurri proposatu ditu EH Bilduk horri aurre egiteko. Legez besteko proposamena aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean datozen egunetan. “Aniztasuna ez da arazo bat, arazoa kudeaketa da: ondo egiten den ala ez, hori da gakoa”, adierazi du Rebeka Ubera legebiltzarkideak, Miren Larrionekin batera emandako prentsaurrekoan. “Ez dago ezer berririk asmatu beharrik. Hezkuntza komunitatean adostasuna duten hainbat neurri mahai gainean daude dagoeneko, eta horiek indarrean jarri behar dira”, erantsi du. Bada, aniztasun handia dagoen ikastetxeetan ikasle-irakasle ratioak egokitzea eskatu du EH Bilduk. Tokian tokiko eskolaratze bulegoak irekitzea ere proposatu du halaber, ohiko eta epez kanpoko matrikulazioak kudeatzeko.

Oso kritiko azaldu da hezkuntza sailarekin, auziari aurre egiten jakin ez duelako, “horrek dakartzan ondorio guztiekin”. Matrikulazio irizpide berriak “inolako kontsentsu eta adostasunik gabe” abian jartzea “ulertezina” dela esan du Uberak. “Hezkuntza sailari gaiari heltzeko eskatzen diogu. Benetan akordioa bilatzen badu, heldulekuak badaude”, gaineratu du. Hain zuzen, 1/2018 matrikulazio dekretua betan behera uztea da EH Bilduren beste eskarietako bat.

Gasteizeko ikastetxeen kasuaz ohartarazi dute Rebeca Ubera eta Miren Larrion legebiltzarkideek. Izan ere, berriki aurkeztu den Gasteizko haur eta nerabeen egoerari buruzko ikerketa-diagnostikoaren arabera, atzerriko jatorria duten ikasleen %83 ikastetxe publikoetan dago matrikulatuta –Eusko Jaurlaritzaren aholku irizpideen arabera, %30 izan beharko litzateke–, eta horrek “ghetto bihurtzeko arriskua areagotzen du, kohesioa arriskuan jarriz”. Gasteiz “segregazioaren paradigma” dela nabarmendu du Uberak. “Segregazioaren fenomenoak oinarri sozio-ekonomikoak ditu, eta lotuta agertzen da, baina ez beti eta ez bakarrik, inmigrazioarekin. Hau da, etorkinak ez dira arazoak, inmigrazioa ez da arazoa, aniztasuna ez da arazoa, hemen benetan arazo dena gizarte arrakala eta pobrezia dira”. Gogorarazi du baina, Arabako hiriburua ez dela kasu bakarra.

Hala ere, Gasteizko Eskola Publikoaren Aldeko Plataformaren lana azpimarratu du Larrionek eta hiriko hainbat eragile eta hezkuntza komunitateko kideek adostutako dokumentua aintza hartzeko eskatu dio Jaurlaritzari, bertan jasotakoak “baliagarri” izan daitezkeelako beste zenbait kasutarako.

Ildo horretan, doakotasuna hezkuntza sistema osora hedatzeko eskatu du EH Bilduk. “Madrilek LOMCEren bidez ezarri nahi duen bi abiadurako hezkuntza sistema bultzatzen du Eusko Jaurlaritzak, eta horrek bi abiadurako gizartea eraikitzea dakar”, ohartarazi du Uberak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.