PPk orokorrean emaitza txarrak izan arren, orain dela lau urteko garaipena errepikatzea lortu du Gasteizen. Javier Maroto buru duen taldeak zinegotzi kopuru bera lortu du (bederatzi), eta 4.000 boto gehiago. Ez du gehiengo osorik, ordea, eta EH Bildu oposizioko alderdien arteko akordio baten alde mintzatu da, Maroto beste lau urtez ez dadin alkate izan. Miren Larrion alkategaiaren arabera, "herritarren %70ek" akordio bat eskatu diete oposizioko alderdiei, "Gasteizen hiri eredua aldatzeko".
Hori horrela, adierazi du alderdi guztiekin jarriko dela harremanetan. Larrionen arabera, EAJren eta EH Bilduren arteko balizko ituna ez litzateke nahikoa helburua lortzeko, ordea. Hori dela eta, oposizio osoaren arteko akordio baten alde agertu da: "Siglak ahaztuta, hemezortzi zinegotziek bat egitea litzateke idealena. Horretarako lan egingo dugu".
Javier Maroto alkate eta PPko alkategaia, ordea, "oso lasai" dago, PSEk eta EAJk uko egin baitiote beren zinegotziek Larrion babesteari: "Itxita dago gai hori". Ziurtzat jo du beste lau urtez izango dela alkate: "Emaitzak oso argiak izan dira; herritar askok siglen gainetik bozkatu dute".
EH Bildu bigarren indarra Gasteizen
Azken hilabeteotan protagonista bihurtu da Maroto. Gizarte laguntzen baldintzak gogortzeko kanpainaren lidergoa hartu du, eta etorkin kolektibo batzuei lan egin nahi ez izatea eta laguntza horien kontura bizitzea egotzi die. Kanpaina polemikoa izan da, eta hirian tentsioa sortu du.
Baldintza horietan iritsi dira udal hauteskundeak, eta alkateak erronkari eutsi dio. Orain dela lau urte baino 4.000 boto gehiago eskuratu ditu. Maroto efektu bat ere egon da hautetsontzietan. PPk Batzar Nagusietarako baino 5.500 boto gehiago lortu ditu udalerako Gasteizko barrutian; %18 gehiago da.
EH Bildu izan da bigarren. Larrion buru duen hautagaitzak orain dela lau urteko emaitza errepikatu du zinegotzi kopuruan, eta sei ordezkari izango ditu. Hori bai, 2011. urtean Bilduren eta Aralarren botoak gehituta baino 1.000 gehiago lortu ditu.
EAJ izan da hirugarren, eta PSE-EE laugarren. Bi alderdiek behera egin dute. EAJk zinegotzi bat galdu du, eta 1.300 boto gutxiago izan ditu. Botoen %19,6tik %16,6ra jaitsi da, halaber. Sozialistentzat kolpea latzagoa izan da. Bi zinegotzi galdu dituzte, eta 6.000 boto gutxiago izan dituzte.
Hauteskundeek, bestalde, lau alderdiko udalbatza desegin dute. Podemosek babestu duen hautagaitzak, Hemen Gaude-k, estreinaldi ona izan du, eta bi zinegotzi izango ditu udalbatza berrian. Hala ere, Podemosek Batzar Nagusietarako baino 8.000 boto gutxiago izan ditu Hemen Gaude-k. Irabazik ere zinegotzi bat du.