Alarde tradizionalean desfilatu zuen Bilduko zinegotzi Juan Ortizek kargua utziko zuela iragarri eta gero, Bilduko beste hiru zinegotzik dimisioa aurkeztu dute. Ibai Labaien, Kattalin Noblia eta Marilena Castillo dira hiru zinegotziak. Dimisioa aurkeztu ez duen bakarra Jon Mikel Garmendia da —EAkoa da—.
Bilduko udal taldearen izenean, Labaienek, Nobliak eta Castillok nabarmendu dute legealdiaren hasieratik borrokatu direla "Hondarribia euskaldun baten alde, behar gehien duten herritarren alde, justiziaren alde, herriak daraman norabide eskuindarraren aurka, eta emakumeen eskubideen alde". Hondarribiko (Gipuzkoa) jaietan "egoera onartezin bat" jasaten dutela salatu dute, "alarde parekide eta publikoaren alde egoteagatik".
Bilduko zinegotzien nahia alarde publiko batean emakumearen integrazioa "erabatekoa" izatea da. "Alkateari behin eta berriz eskatu diogu, publikoki, hori lortzeko bideak irekitzeko, eta Kale Nagusian gertatzen diren jarrera iraingarriak gerta ez daitezen neurriak hartzeko", gogorarazi dute. "Bilduren zinegotzien izenean eskaera egin zitzaion abuztuan alkateari, gertaera horiek galarazteko neurriak hartu eta sentsibilitate guztiei buruz eztabaidatzeko eremu bat sortzeko".
Juan Ortizek —independente moduan aurkeztu zen koalizioan— alarde tradizionalean alabaren ondoan desfilatzeko asmoa azaldu zuen momentuan bertan jarri zuen bere zinegotzi kargua mahai gainean. Hondarribiko Bildu osatzen duten alderdiek, batzarrak egin ondoren, dimisioaren aurkako iritzia agertu zuten. "Eta berdin egin genuen Bilduko udal zinegotziok. Gure uste sendoa zen dimisioa onartzeak ez ziola mesederik egingo egiten ari ginen lanari, ezta azkeneko hamazazpi urteetako ahaleginen ondoren herrian sumatzen zen distentsio giroari". Ahalegin horretan lanean ari zirenez, Ortizen dimisioa onartzea kaltegarria izango litzatekeela iruditu zitzaien Bilduko zinegotziei: "Indarrak batzeko eta giroa baretzeko baino gehiago, egoera okertzeko izango zela pentsatzen genuen".
Irailaren hasieran, gaiaz hitz egiteko bilera egin zuten Hondarribiko Bilduko zinegotziek eta Gipuzkoako EH Bilduko arduradunek. "Bilera hartan herriko batzarretan plazaratutako iritziak azaldu genituen, eta argi utzi genuen Bilduko zinegotziak, Juan Ortiz barne, alarde parekide eta publikoaren alde ginela". Bilera horretan ez zela adostasunik izan azaldu dute koalizioko hiru zinegotziek.
Gipuzkoako EH Bilduk, berriz, gaur adierazi du zinegotzi guztiek alarde tradizionalean ez ateratzeko "konpromiso zehatza" hartu zutela. "EH Bilduk berriro nabarmendu behar du 2011ko udal eta foru hauteskundeetan Bilduren zerrendak osatu zuten pertsona guztiek "kode etiko bat" sinatu zutela". Kode horretan emakumeen eskubideen aldeko jarrera aktiboa hartzeko konpromisioa hartu zuten, "emakumeak baztertzen dituzten jarduerak eta jarrerak alde batera utziz". Hondarribiko kasuan, Bilduko zinegotzi guztiek alarde tradizionalean ez parte hartzeko "konpromiso irmoa" sinatu zutela gogorarazi du EH Bilduk. "Orain arte zinegotzia izan den Juan Ortizek ere konpromiso hori hartu zuen". Herritarren aurrean hartzen diren konpromisoak betetzeko daudela nabarmendu du koalizioko zuzendaritzak. "EH Bilduk polemika antzu bat mediatikoki areagotzen saiatzeko eragile politiko zehatz batzuk hartu duten erabakia salatzen du. Alardearen aferan, emakumeak baztertzen dituen jarduerak salatzeko eta emakumeen eskubideak defendatzeko duten konpromiso falta da estali nahi dutena", gaineratu du koalizioak.