EH Bilduk jakinarazi du parte hartuko duela Eusko Legebiltzarreko bakerako eta elkarbizitzarako lantaldean, nahiz eta aurreko legealdiko ondorioak "nahikoak" ez zirela izan irizten dion. Julen Arzuaga legebiltzarkideak eman du erabakiaren berri, Laura Mintegi lehendakarigai gisa erregistratu ondoren.
Legebiltzarrak martxoan onartu zuen lantalde "irekia" osatzea, EAJ, PSE-EE, PP, Ezker Anitza eta Aralarreko Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe legebiltzarkideen babesarekin. Aralarreko Dani Maeztuk —alderdiko zuzendaritzak agindutakoari jarraiki—, EAk eta UPDk aurka bozkatu zuten. Maeztuk eta EAk zioten lantaldeak ez zuela bermatzen ez dela bazterketarik izango —legebiltzarrean ez zen orduan ezker abertzaleko ordezkaririk—.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak eskatu du lantaldea legealdiaren hasieran osa dadila. ETAk jarduera armatua utzi ondoren, helburua hari "behin betiko bukaera" ematea izango dela esan du Pastorrek, "desegitea eta presoak gizarteratzea".