Iruñeko Udalak atzo bertan behera utzi zuen biharko antolatuta zegoen hitzaldia, emakumeen sexualitateari buruzkoa. Brecha orgásmica: cómo el patriarcado nos persigue hasta la cama izenburua zuen (Orgasmo arrakala: nola jazartzen zaigun patriarkatua oheraino), eta Paola Damonti ikerlari feministak eman behar zuen, baina programatik kendu dute. Iruñeko Emakumeen Etxean ematekoa zen hitzaldia, baina udalak ez zela «egokia» iritzi zion.
Gaur, adierazpen bateratu bat aurkeztu dute EH Bilduren, PSNren eta Geroa Bairen Iruñeko udal taldeek, urtarrilaren 28ko Herritarren Aferen Batzordean lantzeko. Adierazpen horretan, debeku hori kritikatu dute, eta eskatu dute hitzaldia «lehengo baldintza beretan» egitea eta hizlariari barkamena eskatzea.
Haserre agertu dira Navarra Sumak hartutako erabakiarekin, eta adierazpenaren bidez «gaitzespen irmoa» egin dute. «Zentsura antidemokratikoa da, eta adierazpen askatasuna, berdintasunaren inguruko legedia eta udaleko ordenantza urratzen ditu», ziurtatu dute. Gainera, «gainbehera sektarioa eta autoritarioa» salatu dute, eta udal gobernuari egotzi diote erakundeak «alderdikeriaz» erabili dituela. Era berean, nabarmendu dute erabaki horren bidez «kolektiboen askatasunean» sartzen direla, eta «irizpide politikoa» berdintasunaren inguruan lan egiten duten pertsonen «irizpide teknikoaren» gainetik jartzen dela.
Babesa erakusteko ere baliatu dute adierazpena. Zehazki, Emakumeen Etxeko kolektiboei eta mugimendu feminista guztiei mintzatu zaizkie, «azken urteetako aurrerapen garrantzitsuen protagonistak» izan direlako.