Hasier Arraiz Sortuko presidenteak EH Bildu koalizioaren izenean aipatu du udal eta foru hauteskundeetako emaitzak baloratuta "aldaketa politiko eta sozialerako bidea polikiago" egin beharko dutela. EH Bilduk foru bozetan 289.000 boto erdietsi ditu, udalekoetan 308.000, baina uste du ez dela nahikoa izan. "300.000 boto eskatu genituen aldaketaren norabidean urrats berriak emateko, eta gizarteak eman dizkigu. Eragile politiko sendoa eta zabala gara, baina emaitzak espero baino okerragoak izan dira, batez ere Gipuzkoan. Aldaketarako urrats sakonagoa nahi genuen baina, momentuz, urrats horiek txikiagoak izan beharko dira".
Gipuzkoan izan dute galera nagusia, foru aldundia, Donostiako Udala eta beste udal batzuk galduta (Arrasate, Zarautz, Tolosa, Beasain...). Galdera bati erantzunez, hondakinak aipatu ditu Arraizek. Azaldu du Bilduk lortu duela errauste plantaren proiektua geratzea, baina beste pauso batzuk ez direla egokienak izan. Haren arabera, "birziklatzea asko igo" behar zela eta, gauzak egiteko moduan ez dute asmatu eta "aldaketak azkarregi" egin dituzte, beharbada.
Orain herritarrekin egongo direla adierazi du, Donostian emandako prentsaurrekoan. "Herritarrekin batera egin nahi dugu aldaketa politiko eta sozialerako bidea. Entzun, eta kaso egingo diegu. Herritarrek bidea polikiago egiteko eskatu digute. Bideari herritarrekin ekingo diogu, aldaketa politiko eta sozialerako gehiengoak lortzeari begira". Koalizioaren barruan "kolektiboki" aztertuko dituzte joan den legealdia eta igandeko emaitzak, "ardurak kolektiboak baitira".
Halaber, Arraizek azpimarratu du hauteskundeotako "helburu nagusia, Nafarroan aldaketarako aukera zabaltzea" zela, eta hori "lortu" dela. Koalizioa "eskuzabaltasunez eta malgutasunez" ariko dela berretsi du. Gainera, Iruñean EH Bilduk alkatetza lortzeko aukera du, UPN irabazlearen ondoren hura baita indar nagusia. "Guri dagokigu Iruñeko Udaleko aldaketa lideratzea, harrokeriarik gabe. Ohore bat da, Euskal Herriko hiriburua baita".
Nahiz eta erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrek gora egin duten —foru eserlekuen %56 izatetik %69 izatera pasatu dira—, koalizioak ez du EAJk apustu sendoa egingo duenik, "ikusita zer aliantza egiten dituen".
Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Rebeka Ubera Aralarreko idazkari nagusia eta Oskar Matute Alternatibako bozeramailearekin batera azaldu da Arraiz prentsaurrekora.