Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzako Saileko idazkaritzaren jarrera "harroa" dela eta, ondorioz, horrek "zaildu" egiten duela EAEko gobernuaren bake planak babesak lortzea. "Gogoeta sakona" egiteko eskatu dio sailari, "adostasunak lortuta normalizazioaren alde lan egiteko".
Giza eskubideetan aditu diren lau lagunek Jaurlaritzaren bake planaren garapenaz egindako txostenaz hitz egiteko agerraldi bat egin du Arzuagak Eusko Legebiltzarrean. Azaldu du joan den maiatzean EH Bildu adituekin bildu zela, eta planari buruzko "iritzi kritikoa" eman ziela. Arzuagak esan duenez, koalizioak uste du Bake eta Bizikidetzako Sailak, bere jarrera "itxi eta batzuetan harroagatik", arazoak dituela babesak erdiesteko; planak biktima batzuk besteen aldean lehenesten dituela dio EH Bilduk; eta iritzi dio egitasmoak ez duela ondorio zuzenik.
Adituen txostenak planaren "eraginkortasunik eza" jasotzen duela esan du Arzuagak, "emaitza praktikorik ekarri ez duelako, eta hori da plan bati egin dakiokeen kritikarik zorrotzena". "Memoriak poliedrikoa eta inklusiboa" izan behar duela adierazi du, "biktima guztiak aintzat har ditzan".
Gainera, gogoratu nahi izan du Espainiako Estatuak "giza eskubideen urraketari eta jazarpen politikoari" eusten diela, "eta bake plan honek ez die erantzunik ematen".