Unai Urruzuno eta Belen Arrondo legebiltzarkideek EH Bilduren izenean esan dutenez, koalizioa "giltzarri" izango da Eusko Legebiltzarreko hurrengo legealdian EAEren eta Espainiako Estatuaren arteko harreman eredua aldatu ahal izateko. Legealdiko balantze bat egin dute, Gasteizen, eta esan dute azken lau urteek “irakasgai nagusi bat” utzi dutela: “Gure herriaren eta Espainiaren arteko harreman ereduaren dagoen egiturazko arazoaren behin betiko berrespena”.
Arrondok txarretsi du EAJren jarreragatik EAEko estatus politiko berrirako aurrerapausorik ez dela eman agintaldi honetan. "Harreman eredu hori aldatzen ez bada, ez da benetako aldaketa politiko eta sozialik egongo". Legealdian Jaurlaritzak zerbitzu publlikoetan eta sozialetan murrizketak egin izana salatu du EH Bilduk, eta Jaurlaritzak eta EAJk Madrilen "erasoen aurrean menpekotasuna" agertu dutela. "Inposaketak, helegiteak eta debekuak" jo ditu erasotzat: Udal Legea, fracking-aren aurkakoa edota etxebizitzari buruzkoa bertan behera uztea, Ertzaintzaren lan deialdiaren kontra egitea, Hezkuntza eta Osakidetzaren lan deialdi publikoen lanpostu kopurua mugatzea, LOMCE, lan erreforma eta pentsioena inposatzea… "Euskal gizarte osoa izan da biktima zuzena", EH Bilduk esan duenez. "EAJk joko hori elikatu egin du PSErekiko eta PPrekiko akordioekin". EH Bilduk aitortu du ez duela lortu Madrili aurre egiteko "bloke bat eraikitzea".
2012ko hauteskundeetan bigarren indarra izan zen EH Bildu, 21 aulki erdietsita; botoen %25. EAJ nagusitu zen, 27 aulkirekin.