Santiago egunean, Espainiako "patroi handiaren egunean", nazioek libreki erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatu dute EH Bilduko eledun Rebeka Uberak eta Hasier Arraizek. Atzo, Santiagon bertan (Galizian) herrien erabakitzeko eskubideen aldeko adierazpena egin zuten EH Bilduk, BNGk eta CUPek.
EH Bilduk uste du Kataluniako prozesu subiranistan agerian jartzen ari dela "mehatxua" bihurtu dela Espainiako lurralde batasunari eusteko argudio "bakarra". Mehatxu horiek lor dezakete, EH Bilduren irudiko, "gure artean lortzeko kapaza izan ez garena: euskal demokraten arteko batasuna". Koalizio abertzalearen arabera, Euskal Herrian lortu behar dira akordioak Espainiari aurre egiteko. Eta Espainiako Konstituzioaren balizko erreforma gauzak dauden bezala uzteko aldaketa txiki bat besterik ez dela izango iritzi diote.
Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak Europa Press berri agentziari emaniko elkarrizketan defendatu egiten du Konstituzioaren erreforma, eta EAJri egiten dio dei horretan parte har dezan. "Eta behin autogobernu gehiago eta eskumen gehiago lortu ostean berrituko da Gernikako Estatutua". Aldaketak alderantziz egiteak, hau da, estatutua lehenago aldatzeak, egun Katalunian ematen ari den egoera "kaltegarria" ekarriko lukeela uste du.