Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herrian dituen ordezkariek euskarari egindako erasoak salatu dituzte Donostian EH Bilduko alkateek: "Euskaraz bizitzen saiatzen garenean, bere morroiak bidaltzen ditu Espainiak, geure hizkuntza albo batera uztea exijituz eta horretarako mehatxatuz". Gaur egindako agerraldi batean salatu dute euskaraz aritzea ez dela hautazkoa herri administrazioentzat: "Aitzik, legezko eskakizuna da, eta administrazioaren jarduera bat ere ez dago salbuetsita, ezta kontratazioa ere".
EAEko zein Nafarroako "zati handi batean" euskara eta gaztelania ofizialak izan arren, Espainiak euskararen ofizialtasuna "praktikan jartzea" eta "normaltasunez aritzea" oztopatu nahi duela salatu dute. "Eraso horrek euskaraz jarduteko hautua egin duten instituzio guztiei ez ezik, euskaldun guztioi ere eragiten digu. Gure eskubideen kontrako inposizio onartezina da".
Horregatik, Carlos Urkijo ordezkariak auzitara eramandako udal, erakunde eta euskaldunei babesa eta elkartasuna adierazteaz gain, Kontseiluak asteazkenerako deitutako protestekin bat egin dute.