Etxeratek lehendakarigaiekin egin behar duen bilkuren erronda hasi du gaur. Bilkura hauen helburua "lehendakarigaiek guk geuk eta gure senide eta lagunek bizi duten egoeraren berri emateaz gain, eskaera zuzenak" egitea da. EH Bilduko eta Equoko lehendakarigai Laura Mintegiri eta Aitor Urrestiri galdegin die espetxe politikak eragiten duen sufrimendua aitortzea, "salbuespeneko" espetxe politikarekin eta sakabanaketarekin amaitzea "exijitzea".
Gainera, egungo espetxe politika bertan behera geratzen ez den artean sortzen dituen ondorioak "arintzen laguntzea eta konponbide bat ematen saiatzea" galdegin du elkarteak. Enara Rodriguez Arkaitz Rodriguez presoaren senideak jasandako erasoa salatzeko eta erantzukizunak bilatzeko ere eskatu du.
Nerea Eizagirre eta Jon Fano kideak bildu dira hautagai politikoekin. Etxeratek balorazio positiboa egin du bi bilkuretaz: "Equo alderdiak, eta bereziki Aitor Urrestik, adierazi digu gurekin harremanetan egoteko interesa dutela. Eskaerei dagokienez, momentuko erantzunik jaso ez badugu ere, eskaera hauek alderdiko kideen artean baloratuko dituztela esan digute, eta ahalik eta azkarren erantzun bat emango digutela ere baieztatu digute".
Laura Mintegik adierazi die bat egiten duela elkartearen eskaerekin, eta euren diskurtsoan barneratzen dituztela. Eskaerak bere egiten dituztela gaineratu du EH Bilduko lehendakarigaiak.