Etxerat euskal presoen senideen elkarteko kideak EH Bildu koalizioarekin elkartu dira gaur Donostian, EAren egoitzan, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamalau presoen berri emateko. Etxeratek uztailaren 28an iragarri zuen eragile politikoekin bilera sail bati ekingo ziola, "erantzun bateratu bat bilatzeko".
EH Bilduk ohartarazi du "euskal preso politiko askoren bizia arrisku larrian" dagoela. "Gero eta denbora eta aukera gutxiago dute Espainiako espetxeetatik bizirik ateratzeko". Haren iritziz, "espetxe politikaren helburu nagusia euskal presoen eskubideak deuseztatzea da. Euskal Preso Politikoen Kolektiboa ahuldu nahi du, horretarako mendekuzko eta salbuezpeneko politika aplikatuz, eta, era berean, konponbide prozesua hondoratzeko".
Pello Urizar EAko idazkari nagusia izan da EH Bildutik batzarrean izan den kideetako bat, eta bat etorri da Etxeraten eskaerekin. "Gizatasunagatik", gaixorik diren presoek etxean egon behar luketela esan du Europa Press-en.
Urteetan Euskal Herrian bizi izan den gatazka gainditu ahal izateko "parte guztiek borondatea" izan behar dute, Urizarren ustez, eta salatu du hori gaur egun ez dela gertatzen. "Parte batek badauka ekarpenak egiteko borondatea". Espainiako Gobernuak "mugimendu puntualak" eman ordez, "orokorrak" eman beharko lituzke, EH Bilduko kidearen iritziz. "Bada egoera hau gainditzeko garaia".
Lehengo larunbatean Iosu Uribetxeberria eta beste preso gaixoak aske uzteko eskatu zuten Arrasaten.