EAJ eta PSE-EE EH Bildurekin bilduko dira gaur aurreko astean bi horiek zerga sistemaren inguruan lortu zuten akordioaz hitz egiteko. Ricardo Gatzagaetxebarriak gaur goizean Radio Euskadin esan du koalizioarekin eta PPrekin "itun handiak" lortzea espero dutela. Bereziki, zergen alorrean espero dute EH Bildurekin akordioren bat egin ahal izatea, Gipuzkoan Bilduk PSE-EErekin hitzartua duela aintzat hartuta. Hala ere, azken egunetan koalizioko kideek gogor kritikatu dute EAJ, akordio bila PSE-EEra jotzeagatik.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ezkor agertu zen atzo, eta nabarmendu zuen PSE-EEk "atzerapausoa" eman duela. Dani Maeztu EH Bilduko parlamentariak esan du eurek garbi dutela norabidea politika fiskalari dagokionez, eta bidea Gipuzkoan egin dutela. Edozein aldaketa bide horretan egin beharko dela ohartarazi du, "eredu progresiboa eta aberastasuna banatzekoa" ezarriz. Iñigo Urkullu lehendakariak aurreko astean esan zuen progresibotasuna kontuan hartzen duela PSE-EErekin hitzartutako akordioak.
Edonola ere, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak gaur goizean Radio Euskadin esan du 2015era arte zerga bilketan ez direla sumatuko akordioaren ondorioak, eta ordura arte beste ekintza batzuei heltzeko aukerarik ez dela izango, murrizketekin jarrituko dutela iradokiz. Haren hitzetan, PP eta EH Bildurekiko desadostasunak "ñabardurak" dirak. Erreforma fiskala Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezartzeko beharrezkoa dute EAJk eta PSE-EEk EH Bilduren eta PPren onespena, bi horien esku baitaude Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak.
Gainera, datorren urtean 6.000 lanpostu gehiago galduko dira, iragarritako hazkundea (%1) ez delako nahikoa enplegua sortzeko.