Argia izanagatik, EAJren garaipenak akordioak bilatzera behartuko du Iñigo Urkullu. 27 legebiltzarkide izango ditu alderdi jeltzaleak Eusko Legebiltzarrean, eta gehiengo osoa izateko 38 behar dira. EH Bildu eta PSE-EE izango dira, beraz, gehiengo osorako giltza, hurrenez hurren, 21 eta 16 legebiltzarkide izango baitituzte.
PPren parlamentarioen botoak ez ditu aski izango Urkulluk, eta soilik horiei Gorka Maneiro UPDkoarena gehituta lortuko luke EAJk gehiengo osoa. Boto guzti horiek zenbatuta, EH Bildu eta PSE-EE ez lirateke nahikoa izango bozketa bat atzera botatzeko. bien artean 37 batzen dituztelako.
Edozein kasutan, garbi dago legegintzaldi honetan ere ezinbestekoak izango direla gobernu akordio eta itunak. Aurrekoan ez bezala, ordea, oraingoan boto gehien jaso dituen alderdiak gobernatuko du, eta horrek, gainera, beste inork baino legebiltzarkide gehiago izango ditu.