Eserleku aldaketa horrekin 28 eserlekurekin gelditu da EAJ Eusko Legebiltzarrean, EH Bildu 18rekin, Elkarrekin Podemos 11rekin eta PSE-EE eta PP bederatzinarekin. EH Bilduko zenbait kidek adierazi zuten igandean Bizkaiko azken eserleku hori irabazteko itxaropena, eta gaur gertatu da aldaketa; ez Espainiako Estatutik kanpoko emaitzengatik, baizik eta EH Bilduk Bizkaiko hauteskunde mahai batzuk inpugnatu eta horko emaitzak aldatu egin direlako. Jakinarazpen ofiziala falta da, baina BERRIAk beste iturri batzuetatik jakin du hori horrela dela, eta horrekin erabat aldatu da Eusko Legebiltzarreko gehiengoen jokoa.
Gaur goizean Espainiako Estatutik kanpoko botoak kontatuta, EAJk bere 12. aulkiari eutsi dio Bizkaian, herrialdeko 25.a berea izan baita, Bizkaiko Hauteskunde Batzordearen iturriak aipatuz berri agentziek esan dutenez. Joan den igandean herrialde horretako 25. eserleku hori erdiestetik nahikoa parean geratu ziren EAJ eta EH Bildu. Azken horrek Bizkaian Espainiako Estatutik kanpoko 220 boz lortu dituenez, EAJk bere 12.a lortzeko gutxienez 336 boto behar zituen. 494 jaso ditu. Ondorioz, EH Bildu bere 5.a eskuratzeke geratu da orduan.
Baina kontaketa hori amaitu eta denbora gutxira buelta eman du egoerak, Hauteskunde Batzordeak EH Bilduri onartu egin dizkio inpugnazioak, eta, boto zenbaketaren emaitza aldatu duenez horrek, harentzako da Bizkaiko 25. aulkia, bere 5.a. Ondorioz, Bizkaian 11 legebiltzarkide ditu EAJk, EH Bilduk 5, Elkarrekin Podemosek 4, PSEk 3 eta PPk 2.
Araban eta Gipuzkoan ez zen aldaketarik espero gaur, eta hala gertatu da.
Araban EAJk 8 aulki, PPk 5, EH Bilduk 5, Elkarrekin Podemosek 4 eta PSEk 3.
Gipuzkoan EAJk 9, EH Bilduk 8, Elkarrekin Podemosek 3, PSEk 3 eta PPk 2.
Gehiengoen jokoa
EAJk 28 legebiltzarkide
EH Bilduk 18
Elkarrekin Podemosek 11
PSE-EEk 9
PPk 9
Eserleku batek asko aldatzen du egoera: orain EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen eserlekuak batuta, EAJrenak baino gehiago zenbatzen dituzte; 29 aurrenekoek eta 28 jeltzaleek. Gainera, orain, jeltzaleek ez dute gehiengo osoa osatzen PSE-EErekin bat eginda.