EHAKri loturiko kontu blokeatu batzuk hustu dituzte

Leverten eta fiskalaren aurkako prozedura juridikoa berriz abiatu dute 2008tik kontua blokeatua dutenek

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
EHAK-ko Ipar Euskal Herriko zazpi langileen, horien senideen eta hiru elkarteren banketxeko 34 diru kontu blokeatu zituzten 2008an, Laurence Levert epailearen aginduz. Geroztik, egoerak horrela segitu du, eta, aurtengo urtarrilean, batzuk hustu dituzte. AGRASC diru bilketa eta konfiskatzea eskuratzeko eta kudeatzeko agentziari transferitua izan da dirua. Horrez gain, batzuk desagerrarazi dituztela ere jakin zuten atzo. Hori guztia «inolako informaziorik eta jakinarazpenik eman gabe», Yolanda Molina abokatuak dioenez. Egoera «onartezin» hori bukatzeko, prozedura juridikoa abiatuko dute berriz Leverten eta fiskalaren aurka.

Egoeraren berri eman zuten atzo Baionan kontuak blokeaturik dituzten batzuek eta haien abokatuek, konponbide demokratikoaren aldeko kolektiboko ordezkariez inguraturik zirela. Egoera berehala desblokeatzea eta azalpenak ematea exijitu zioten prokuradoreari. Orain arte Leverti mintzatu zitzaizkion, baina epaileak beti «isiltasun osoz» jokatu duela deitoratu zuen Aurore Martin Batasuneko militanteak —kontuak blokeatuak dauzka hark ere—.

Maila pertsonalean kontuen blokeoak sortzen dituen arazoez haratago, maila politikoan ere «kezka handiak» sortzen dizkietela azaldu zuen Eñaut Elosegik —kontuak blokeatuak dauzka—. Euskal Herriko aro politiko berri honetan Frantziako zein Espainiako gobernuek «konfrontazioaren parioa» egiten dutela salatu zuen, eta hori «errepresio ukaldiak segituz». «Salbuespenezko legeen desmasiaren adibidetzat» jo zuen pairatzen duen egoera.

Parisen erabakia

«Gaur egun badakigu kontu blokeo horiek Parisko auzitegiak erabakirik egin direla», hala zioen atzo Molinak. Hain zuzen, maiatzaren 10ean Espainiako Auzitegi Gorenak jakinarazi zuenez, auzitegi horrek kontuak blokeatu nahi izan zituenerako «Parisko auzitegiak eginak zituen».

Informazio hori iraganeanukandako batzuekin kontrajarria da haatik. Hain zuzen, «nazioartetik jaso erreguzko mandatu baten» ondorioa zela jakinarazi zion Martini bere bankuak 2008an. Dena dela, «ezer ez da argi», eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 6. artikuluan oinarrituko dira abokatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.