EHBE Euskal Herriak Bere Eskola herri ekimenak deia egin du otsailaren 5erako. Hezkuntza sistema euskaldun eta herritarraren alde diharduten eragileak batzar ireki batean batzeko deia egin du. Horren bitartez, hezkuntza mugimendua «aktibatu eta gorpuzteko» nahia du. Hezkuntza, bildu eta bultza! leloa ardatz hartuta antolatu du batzarra.Bilbon izango da, La Bolsa aretoan.
EHBEko kide Ainhoa Larrabek irakurri zuen atzo goizean, Donostian, batzarrerako deia egiteko idatzi duten testua. «Zoritxarrez, hezkuntzak egun duen egoera ikusita, kezkatzeko arrazoi nabarmenak baditugu», aditzera eman zuen. «Herri honen biziraupena eta garapena arriskuan jartzen duten ereduen inposizioek aurrera darraite, eta atzerapauso nabariak gauzatzen ari dira lurraldez lurralde». Euskara lehenesten ez duten hizkuntz ereduen sustatzea, curriculum «arrotzen» aldeko hautua, ikasle «akritikoak» bultzatzen dituzten hezkuntza ereduen gailentzea... Kezkarako motibo ugari zerrendatu dituzte EHBEko kideek, eta horregatik bultzatu nahi dute gizartean egoera irauliko duen mugimendu zabal bat.
Hezkuntzak «herri proiektu gisara» duen garrantzia agerian utzi nahi dute Bilboko batzarrean. Xede horrekin lotuta, hainbat gai izango dituzte hizpide; Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak euskalduntzean eman diren esperientzien berri emango du, Hik Hasi-k hainbat herritan egin diren curriculum proiektuak aurkeztuko ditu eta Bilgune Feministak Hezkidetza Gida aurkeztuko du, neska-mutikoak parekidetasunean hezten laguntzen duen argitalpena.
Bilboko «olatuari» segida
Iazko martxoaren 13an hezkuntza sistema nazionalaren aldeko manifestazioa egin zuten Bilbon, Hezkuntza Deialdia dinamikari hatsa emanez. Ekimen «arrakastatsua» izan zela diote. «Argi utzi genuen herri honek bere hezkuntza sistema propioa eraikitzeko borondatea eta nahia duela». Orain, batzar irekiarekin, urrats bat harago egin nahi dute. «Joan den urtean Bilboko kaleetan sortu genuen olatuari segida emateko oinarriak finkatuko ditugu».
Hezkuntzaren egoerarekin kezkatutako ikasle, guraso, irakasle eta herritar orori irekitako batzarra da otsailaren 5ekoa. «Herri gisa batzen gaituena indartu eta ikastetxez ikastetxe eta herriz herri urrats praktikoak egiteko garaia da!». Iazko batzar irekian ehun lagun inguru elkartu zirela gogora ekarri dute, eta aurten gutxienez beste horrenbeste lagun batzeko itxaropena dute. Batzarrean landutako gai eta edukiak, ondoren, herriz herri zabaltzea da helburua.
EHBEk batzar ireki bat egingo du, hezkuntza mugimendua «aktibatu eta gorpuzteko»
Bilbon izango da, otsailaren 5ean; curriculuma, hizkuntza ereduak eta hezkidetza izango dira ardatzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu