EHKOlektiboak gertuko kontsumoaren alde egitera deitu du

Agroekologia lantzen eta bultzatzen duen baserritar eta herritarren kolektiboa «oso pozik» agertu da azokak bertan behera uzteko agindua baliogabetu dutelako.

Ordiziako azoka neurri berezien artean egin da krisia hasi zenetik. JON URBE / FOKU
2020ko apirilaren 17a
09:27
Entzun

Jaurlaritzak joan den astean erabaki zuen azokak debekatzea, jendearen joan-etorriak eta pilaketak eragozteko argudioarekin, baina neurri horrek kontrako erreakzio ugari jaso zituen, eta gobernuak atzera egin zuen.

Azken erabaki horrekin «oso pozik» azaldu da EHKOlektiboa, agroekologia lantzen eta bultzatzen duen baserritar eta herritarren kolektiboa: «Lehen sektoreko eragile nagusienen eta beste hainbat herri eragileren (300 baino gehiago) arteko elkarlanarekin erakutsi dugu baserritarrek eta kaletarrek komunitate bat osatzen dugula eta badakigula zer nahi dugun, edo, behinik behin, zeren alde borrokatu nahi dugun».

Ohar batean, nabarmendu dute erosketa bakoitzaren atzean «herri eredu jakin baten aukeraketa» dagoela: «Aukeratzen da ekoizpen eredua, harremanak izateko eredua, paisaia, eredu ekonomikoa… Merkatuak eta azokak babesten ditugunok baserritarrak ari gara babesten, euren lanari duen balioa ematen diogun neurrian, besteak beste prezio justu bat ordainduta». Era berean, uste dute ekoizleen, dendari txikien eta kontsumitzaileen arteko elkarlana «eraginkorra» izan dela.

Edozein modura, uste dute oraindik bide luzea dagoela egiteko, eta, gaur Baserritarren Borrokaren Nazioarteko Eguna dela baliatuz, herritarrei eskatu diete baserritar txikien eta gertuko kontsumoaren aldeko aldarria egiteko eta sareetan babesa emateko; esaterako, argazki bat atereaz azoketan edo denda txikietan tokiko produktuak erosita, eta argazki horrekin mezu bat jarrita: Elikadura burujabetzaren alde erosten dugu leloa eta Via Campesinak proposatzen duen traola (#GeraZaitezEtxeanEzIsilik) .

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.