Euskal Herriko Laborantza Ganbararen (EHLG) eta administrazio fiskalaren artean duela lau urte eta erdi hasi zen gatazkak bukaera izan du. Dosier honek lau auzi ezberdin izan ditu eta azkenean estatuko kontseilura joan behar izan dute ezeztapena lortzeko. Diruz laguntzen duten pribatuei eskubide zehatz bat kentzea zuen helburu epaiketa honek. Elkarte bati pribatu batek diru laguntza ematean, kopuru horren %66 zergetatik kentzen zaio, eta hori oztopatu nahi zuen administrazio fiskalak. Mixel Berhokoirigoin EHLG lehendakariaren hitzetan «hil ala biziko gaia izan da, pribatuen diru laguntzak gure aurrekontuaren %40 direlako, 200.000 euro».
Jean Rene Etxegarai laborantza ganbarako abokatuak dioenez «elkarte bat kaltetzeko bitarteko bat, bere baliabide ekonomikoak oztopatzea da. Horretarako EHLGren bi baliabide auzitan jarriak izan dira, alde batetik herrien diru laguntzak gelditzea, horretan da Senpereko kasua eta bestalde epaiketa honetan jokatu dena».
Auzi ezberdinetako jazarpena
«Kargu asko izan dira EHLGren aurka. Oztopatzeko asmoz hainbat bide erabiliak izan dira admnistratiboki, penalki, fiskalki eta finantza mailan» azpimarratu du Etxegarraik. Gogoratu dute elkartearen sorrera garaian administrazio fiskalak ahaleginak egin zituela elkartearen sorrera oztopatzeko. Estatutuak oinarritu baino lehen administrazio prefeturatik gutun bat iritsi zen, erabili nahi zuten izena deuseztatzeko. Abokatuak honakoa gaineratu du: «Frantziako estatuan ezin da kontrolik jarri elkarteen gainean, Euskal Herrian izan ezik Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin». Bide horretatik suprefetak elkartea eta lehendakaria bera auzitan jarri zituen «ilegalizazio prozesua» deitua izan zitzaionarekin. Azkenean Paueko Dei Auzitegiak biak zuritu zituen. Prozesu hori plano zibilean egiten ahal bazen ere penalera eraman zuten, etaauzipetuek isunak eta baldintzapeko kartzela zigorra arriskatzen zuten.
Ironiaz bozeramaileek zehaztu dute, «finantzieroki ito nahi gaituzten administrazioa eta estatuak, epaiketa honentzat eta aurretik irabazi ditugun epaiketetan bezala kalte ordainak eman beharko dizkigute, kasu honetan orotara 6.000 euro».
Ildo anitzeko estrategia
Berriki Departamenduko laborantza ganbarak, gazteen instalaziorako orientaziorako komite berri bat jarri du martxan. Hari buruz Berhokoirigoinek dio «desmartxa honetara ez zirela gonbidatuak izan» eta honekin «monopolio» bat plantan jarriko dela «laborantzako medioen zentralizatzen ari direlako». «Izan ditugun epaiketekin arras lotua da, gu itotzearen borondatetik dator, ez gaitezen gehiago paisaian izan». EHLG Ipar Euskal Herriko lehen sindikatua da, eta Berhokoirigoinek dioenez «penalki, administratiboki...lortu ez dutenez, orain laborantza mundua antolatzen duten medioak Departamenduko laborantza ganbaran zentralizatuko dituzte, gazteek instalazioan gure errola ez dezagun izan».
EHLGk ez du trabarik izango pribatuen diruak lortzeko, epaia irabazi duelako
Pribatuen laguntzak ezinbestekoak direla dio Berhokoirigoin, aurrekontuen %40 direlako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu