2013-14ko ikasturtea hasteko ekitaldi ofiziala egin du gaur EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Ikasle gehienak hasita daude eskoletan jadanik: aurten 8.400 estudiantek baino gehiagok hasi dituzte ikasketak EHUn. Guztira 46.800 bat izango dira.
Egoera ekonomikoa hartu du hizpide Iñaki Goirizelaia errektoreak sarrerako hitzaldian. Langileak aipatu ditu lehenbiziko: soldatak izoztuta dituzte 2010etik. Datutan, Goirizelaiak esan du batez beste 6.000 euro kobratu gabe utzi dituela behargin bakoitzak neurri horren ondorioz. Langileekin beste arazo bat ere baduela azaldu du: plantillak kudeatzeko ahalmenik gabe, postuak ateratzeko aukerarik ez du EHUk. “Epe laburrean oso ondorio txarra ekarriko du horrek. Langilerik gabe nekez egin daiteke lan”.
Murrizketak. Zorretan sartu gabe dago oraindik, baina EHUren aurrekontua 90 milioi euro apalagoa da. “Azken lau urteetako joera mantenduz gero, denon artean egin dugun ibilbide positibo hau bertan behera gelditzeko benetako arriskua dago”, ohartarazi du Goirizelaiak. Ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, besteak beste. Urkulluk aitortu du “baliabide gutxiagorekin” egin behar izan duela aurrera EHUk. “Baina pertsonei ez die eragin”.
Borondatezko ekarpenak
EHUk “egiten duenaren araberako aurrekontua” behar duela nabarmendu du Goirizelaiak. “Aurrekontu publikoa sendotu, areagotu eta bermatu behar dugu”. Haren iritzirako, ordea, EHUren egoera ez da Jaurlaritzaren ardura soilik. “Ez diezaiogun bakarrik gobernuari eskatu: guk geuk ere egin dezagun”. Borondatezko diru ekarpenei atea zabaldu behar zaiela uste du, herritarrei eta enpresei modua jarri behar zaiela EHUri diru ekarpenak egiteko. “Neurri sorta horrek kultura politiko eta sozial berri batean kokatu behar gaitu”.
Lege aldetik aldaketa bat ere eskatu du: euskal unibertsitateen sistemarako lege berri bat nahi du Goirizelaiak. Eta hezkuntzarako akordio zabal bat. “Ibilbide luzeko akordioa behar dugu, sentsibilitate ezberdinen arteko akordioa, unibertsitatea entzungo duena”.