EHUko zientzialari talde batek koronabirusa atzemateko garaturiko probaren inguruko ika-mika amaitutzat eman nahi izan dute gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Nekane Balluerkak. Biek ituna sinatu dute, koronabirusak kutsaturiko eta sintomarik gabeko pertsonak bilatzeko egitasmo zabal bat martxan jartzeko.
5.000 pertsona hautatu dituzte ikerketan parte hartzeko. Proba azkarra egingo diete, infekzioak sorturiko antigorputzak bilatzeko, baita EHUk garaturiko testa ere.
EHUko laborategiak Osakidetzaren planaren barruan sartuta daudela nabarmendu du Murgak.
Itunak «paperean jartzen du dagoeneko elkarlan sendo eta emankorra zena, besterik gabe», adierazi du Balluerkak. Ikertzaileek «erantzun azkarra eman zioten presazko erronka zientifiko bati, eta orain ikusten da erantzuna ere eraginkorra izaten ari dela».
Ika-mika testen inguruan
EH Bilduk proposamen bat aurkeztu zuen apirilaren 20an Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean eztabaidatzeko, «premiazkoa delako EHUk garatutako testak erabiltzea egunero milaka proba egiteko, kutsaduraren katea etete aldera». Rebeka Ubera legebiltzarkideak adierazi zuen EHUk garatutako PCR probak «merkeak» direla eta «egunero 10.000 test egiteko aukera» emango luketela. «Ez da ulertzen zergatik orain arte hain proba gutxi egin diren, horren arrazoia planifikazio gabezia ez bada», nabarmendu du Uberak.
Nekane Murga Osasun sailburuak agerraldia egitea ere galdegin zuen EH Bilduk.
Hainbat ikertzailek gutun bat sinatu zuten Eusko Jaurlaritzari eskatzeko EHUk garaturiko testak baliatu zitzala, proba zabalak egiteko.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Osakidetzak apirilaren 20an berretsi zuten elkarlanerako bide bat ezarri behar dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusari aurre egiteko. Madrilgo Karlos III.a osasun institutuak COVID-19arekin lagin klinikoen PCR analisiak egiten laguntzeko laborategi gisa gaitzeko darabilen prozedura gainditu zuen EHUk. Jaurlaritzak eta unibertsitate publikoak jakinarazi zutenez, proba horiek pazienteekin erabili ahal izateko, beharrezkoa zen «baliozkotze kliniko gehigarri bat» egitea. Esan zuten teknika hori «ikerketa laborategi baten ikuspuntutik gaituta» zegoela baina proba gehiago egitea falta zela kutsatutakoengan erabilgarria izan zedin.