Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) Espainiako Gobernuak agindutako murrizketak ezartzen hasiko dela salatu du ELA sindikatuak. «Erabakia hartuta dago, baina ez dute jakinaraziko Eusko Legebiltzarrerako etaerrektoretzarako hauteskundeak igaro arte». Sindikatuak argi utzi du ez duela murrizketen inguruan negoziatuko, ezta horien eragina arintzeko neurrien inguruan ere. «Gehiengo sindikalarekin eta unibertsitateko komunitatearekin indarrak biltzen ahaleginduko gara, campusak hartu eta murrizketak geratzea lortzeko».
ELAk emandako datuen arabera, herenegun egin zuten bilera EHUko ordezkariekin. Gai bakarra izan zuten aztergai: Espainiako Gobernuak unibertsitateei ezarritako murrizketak. «Esan digute oraindik ez dutela erabaki murrizketa guztien inguruan, Eusko Jaurlaritzari eskatutako argibide batzuei buruzko erantzunaren zain daudelako. Baina, esan bezala, uste dugu erabakia hartuta dagoela».
Murrizketa horien ondorioz, EHUko langileek ez dute kobratuko Gabonetako lansari berezia, ELAk jakinarazi duenez. «Horri aurre egiteko neurri moduan ekaineko soldata edo urria eta abendua bitarteko prorrata aurreratzea proposatu digute. Baina argi dugu ez dugula negoziatuko murrizketak arintzeko neurrien inguruan».
Sindikatuak salatu du baita ere EHUk 37,5 ordura luzatuko duela lan astea. «Hori kontuan hartuta, proposatu digute aukera izatea 07:30etik aurrera lanean hastea».
Langileen baimen eta ezohiko egun libreen kopurua murrizteko ere agindu zien unibertsitateei Espainiako Gobernuak. ELAren arabera, neurri hori ere aplikatuko du EHUk. Osagarrietan eta kreditu sindikaletan ere mozketak egitekoa da unibertsitatea. «Izan daitezkeen kalteak gutxitzeko proposatu digute ordu sindikalak pilatu ahal izatea».
ELAk arduragabetzat jo du Iñaki Goirizelaia errektorearen jokabidea. «Jakinarazi dizkiguten murrizketa larrien inguruan, ez du aurpegia eman». Halaber, gezurretan aritzea egotzi diote. «Murrizketen abangoardian jartzen dira Euskal Herrian». ELAk uste du EHUko errektore izateko hauteskundeak igaro arte EHUk ez dituela murrizketak abian jarriko.
Hauteskundeak abenduaren 4an izango dira. Goirizelaia bera ageri da errektore izateko hautagai bakar gisa. Orain lau urte Goirizelaiaren aurka aritu zen sektoreak —CCOO sindikatuaren ingurukoak— ez du hautagairik. Ezker abertzalearen inguruko sektoreak —sektore kritiko moduan ezagutzen dena—, berriz, aztertu du bozetan parte hartzeko aukera, baina, gaur-gaurkoz, ez du hartu hautagaia aurkezteko erabakirik.
EHUk murrizketak ezarriko dituela salatu du ELAk
Gezurretan aritzea eta aurpegia ez ematea egotzi dio sindikatuak Iñaki Goirizelaia errektoreari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu