Atzoko greba egunean izandako istiluekin ez datorrela bat esan du EHUko Eskola Kontseiluak, eta "ikaslegoaren ordezkaritzarako beste eredu bat" aldarrikatu du, "hizketa eta adostasunaren bidea jarraituz". Desegokitzat jo dute "unibertsitateko agintari gorenak CRUE-n 3+2 ereduaren aurka agertu diren egun berean eredu honen aurka manifestatzea".
Era berean, "poliziaren basakeriaren aurka" agertu da Eskola Kontseilua: "Haren presentzia unibertsitatean ez dator bat defendatzen duten hezkuntza ereduarekin". Hala, protestak egin diren moduarekin ados ez egon arren, atxilotuak askatzeko eskatu du.
EHUk salaketa aurkeztu du Ertzaintzaren aurrean Gasteizko campusean izandako kalte materialengatik eta unibertsitateko langile ugariren aurkako "jarrera oldarkor eta mehatxuzkoengatik". Informazio "zehatza" biltzen ari da kalteak neurtzeko.
Hain justu, baldintzapean eta epaiketaren zain, askatuta daude atzo atxilotutako ikasleak. Gasteizen atxilotutako bederatziak gauean zehar utzi dituzte aske, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Bestetik, Ikasle Abertzaleak bereiztu egin dira atzo Iruñeko Udalak jaso zuen erasotik, eta "tokiz kanpo" daudela adierazi du. Iruñeko Udaleko Bozeramileen Batzordeak ere presazko bilera egin zuen, eta aho batez adostu zuen "istilu larriak" arbuiatu eta gaitzestea. Zehazki, udaletxearen, Udaltzaingoaren ondasun ugariren eta hainbat saltokiren aurkako erasoak kritikatu zituen, eta "elkarbizitza baketsuaren" aldeko konpromisoa adierazi.