«Kanpoan hotz egiten du, baina guardasol, bufanda eta beroki onak ditugu aurrera egiteko». EHU Euskal Herriko Unibertsitateak lanean jarraitu ahal izateko «bermea» ekarri dute 2012rako aurrekontuek, Iñaki Goirizelaia errektorearen hitzetan. Haren taldeak proposatutako murrizketak ontzat jo, eta aurrekontu proiektua onartu zuen atzo EHUko Gobernu Kontseiluak. Hala, martxoan Gizarte Kontseiluak dokumentua behin betiko onetsi ondoren, 432,96 milioi euro erabili ahal izango ditu EHUk aurten. «Etorkizunari begira, aurrekontu hauek ezinbesteko tresna dira gure ekimenak aurrera ateratzeko», esan du Goirizelaiak.
Iazkoarekin alderatuta, dirua %2,78 gutxitu zaio EHUri: hamabi milioi. Errektoreak azaldu duenez, ordea, benetako murrizketa sei milioikoa baino ez da, beste seiak aurrerago jasoko dituztelako. Beraz, falta diren sei milioi euroak hiru laguntzatatik kendu dituzte: erretiro aurreratuen pizgarriak (hiru milioi euro), irakasle eta ikertzaileentzako ordainsari osagarriak (milioi bat) eta gastu arruntak (bi milioi).
Hain justu, pizgarriak kentzeak eragin ditu sindikatuen protesta esanguratsuenak. Goirizelaiak erantzun du unibertsitatea «konprometituta» dagoela erretiro aurreratuen politikarekin, eta aurrerago pizgarriak berriz ezartzearen alde mintzatu da. «Baina gaur beste lehentasun batzuk dauzkagu», azaldu du. Errektoretzarekin dauden desadostasunak agerian geratu ziren Gobernu Kontseiluko bozketan: hogei boto alde, sei aurka eta lau abstentzio.
Zerbitzu publiko «bermatua»
Diru gutxiago izanda ere «zerbitzu publikoaren kalitatea defendatzeko moduko» aurrekontuak direla adierazi du errektoreak: «Gure formakuntza, ikerketa eta erantzukizun soziala bermatuta dauzkagu. Ezagutza sortzen eta transferitzen hobeak izango gara, eta eragile gako bihurtuko gara Euskal Herriaren ongizatea eraikitzeko orduan». Gaineratu du planifikatutako asmo batzuk «beste modu batean» egin beharko dituztela baina unibertsitatea gai izango dela «proiektu garrantzitsuenak aurrera eramateko».
Diru sarrerei dagokienez, azken urteotako joerari jarraiki, ikerketaren alorrean unibertsitatetik kanpo heldutako kontratazioek behera egitea espero dute: iaz, hamahiru milioi euro jaso zituzten bide horretatik, eta, aurten, hamar baino ez dituzte espero. Galdutakoa berreskuratzeko, Europako ikerketa deialdi lehiakorretan parte hartuko dute ikerlariek.
EHUko aurrekontu proiektua onartu dute, erretiroen pizgarria kentzea barne
Unibertsitatearen jardunak aurrera egiteko «ezinbesteko tresna» izango dela adierazi du Goirizelaia errektoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu