Lan hitzarmena 2014ko abenduan iraungi zitzaien Euskal Herriko Unibertsitatean eta Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sarean azpikontratatuta dauden garbitzaileei, eta negoziaketzeko mahaia osatu zuten enpresek eta sindikatuek 2015eko maiatzaren 12an.
Hiru dira langileen aldarrikapen nagusiak. Lehena da soldata %2,5 igotzea, 2010etik langileek soldata izoztua izan baitute. Bigarrena kontratazioari buruzkoa da: "Langileen erdiak lanaldi partzialeko kontratuak dituzte. Gainera, eskoletan lan egiten dutenei uztailean eta abuztuan soldataren %30 jaisten zaie, langabeziara bidaltzen dituztelako. Lanaldi partzialak osoak bihurtzeko erregulazio bat beharrezkoa ikusten dugu". Azkenik, lan erreforma ikusita, "berme guztiak" jasotzea galdegin dute.
Sindikatuek salatu dutenez, enpresek negoziaketa "blokeatu" dute azken urte eta erdian: "Enpresen jarrera erabat probokatzailea da, eta kolektiboarekiko errespetu falta handia agertzen du: prekaritatea dakarren lanaldi partzialeko kontratuak egiten jarraitu nahi dute, eta soldata igoera absentismo indizera lotu". Gainera, enpresei egotzi diete "langileen osasuna okertzeko erabakiak" hartzea, "egunez egun lan karga handituz: lanpostuak amortizatuz, bajak ez ordezkatuz eta ratio gero eta handiagoak ezarriz".
Kritika Jaurlaritzari
Hitzarmena negoziatzen ari zirela, eskolak garbitzeko kontratuak esleitu zituen Jaurlaritzak 2016ko apirilaren 1ean. Sindikatuek azaldu dutenez, "hitzarmena negoziatzeko tarterik ez zutela zioten enpresek %10 eta %20 artean jaitsi zituzten prezioak Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin". Salatu dute erabaki horren ondorioz emakumeek jasaten duten soldata diskriminazioak eta berdintasun ezak oraindik hor dirautela: "Emakumeok sektore batzuetan masiboki egiten dugu lan; garbitasuna adibide bat da, eta horiek dira lan baldintzarik okerrenak dituztenak".
Horregatik, protestara deitu dute. Gaurtik ostiralera bitartean egingo dituzte grebak EHUn, hezkuntza publikoko ikastetxeetan eta Hernaniko eta Zumaiako udal zentroetan (Gipuzkoa). Halaber, aste osoan 09:00etan EHUko Donostiako campusean elkartuko dira. Asteazkenean eta ostiralean Donostiako Askatasunaren etorbidetik hasita manifestazioa egingo dute, eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzan amaitu.