Unibertsitateak garapen ekonomikoan laguntzeko duen ahalmena “aktibatzearen” alde egin du lehendakariak. Eusko Jaurlaritzak unibertsitate ikasketak sustatzeko egiten duen ahalegina nabarmenduz hasi du Iñigo Urkullu lehendakariak EHUko 2015-16 ikasturtea, Gasteizko Letren Fakultatean. Hiru ikasturtera begirako planerako 1.200 milioi euro bideratuko dituela oroitarazi du, baita nabarmendu ere tasak eta bekak mantendu dituztela.
Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak goratu du nazioartera begirako jauzian sakontzeko beharra; ikastetxeen antolaketak ildo horretan lagunduko duela gaineratu du. Ordea, atzerrira begiratzearekin batera, euskal kulturaren “sustraitzea” ere zaintzeko beharra aipatu du.
Aurtengo ikasturterako erronken artean, besteak beste, gradu ikasketen gaineko hausnarketa egingo dutela iragarri du EHUko errektoreak. 4+1 edo 3+2 ikasketa antolaketa ereduen gaineko eztabaidak “kezkatzen” duela aitortu du Goirizelaiak
Aurkezpenean, Besteak beste, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua egon da, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreak, baita Gasteizen dauden administrazio publikoetako ordezkariak ere.