Etxebizitza hutsen inguruko azken datuen arabera, EAEn 74.289 etxebizitza hutsik zeuden 2009. urtean. Hala jakinarazi du Iñaki Arriolak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuak. EAEn dauden etxeen %7,7 dira. Horietatik 29.511 bigarren etxebizitzak dira; alegia, hutsik daudenen %40. Bigarren etxebizitzak baztertuz, hutsik daudenak 45.000 baino gutxiago (%4,6) direla ziurtatu du Arriolak.
Bilbon jakinarazi ditu datu horiek, datozen lau urteetarako Eusko Jaurlaritzak prestatu duen etxeen Zaharberritze Planaren aurkezpenean. 2010 eta 2013 bitartean, 139 milioi euro inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzak 70.500 etxebizitza zaharberritzen laguntzeko. 2011n, 17.400 etxe zaharberritzen laguntzeko asmoa du, eta horretarako 26,6 milioi euro erabiliko ditu. 2010ean, 19.497 etxe berritu ziren Jaurlaritzaren laguntzaz, eta 20,6 milioi euro gastatu zituen. Gainera, Arriolak azaldu du helburu horretara bideratutako aurrekontuak nabarmen egin duela gora aurreko urteen aldean, eta, beraz, aurrekontu igoeraz baliatu diren etxebizitzak ere gehiago direla gogorarazi du: 2010ean, 19.497 etxe berritu ziren; 2006-2008 artean, urte bakoitzeko 16.918. Adierazi duenez, planaren xedea «etxebizitza duinak eskaini eta hutsik daudenak betetzea» da.
Etxebizitza hutsak berritzea beharrezkoa dela deritzo Arriolak, 1965. urtea baino lehenago eraiki baitziren horien %40. Gero, etxe berrituak salmentan edo alokairuan jartzearen alde egin du. Horrela, Arriolaren arabera, behera egingo du etxebizitza berriak eraikitzeko eskaerak. «Hazkunde politiken urteak» atzean utzi eta «herrien barnera» begiratzeko garaia dela uste du.
Etxe zaharrak, behar berriak
Etxebizitza hutsen ezaugarriak aipatu, eta Zahaberritze Plana justifikatu du Arriolak. Etxeak zaharrak direla esan du, 1985. urtea baino lehenago eraikitakoak %82 baitira. Horietatik erdiak 1965 baino lehenago eraiki ziren. Etxe txiki edo ertainak izan arren gela asko dituztela nabarmendu du Arriolak: ia erdiek bost gela edo gehiago dituztela esan du.
Adierazi duenez, etxebizitza horiek ez dute bat egiten gaur egungo familia ereduen beharrekin, eta gela kopuruak prezioak igotzen ditu. Datu horiek Etxebizitza Sailaren ekimenaren beharra frogatzen dutela ziurtatu du.
Adierazgarriak dira, Arriolaren iritziz, etxebizitza hutsen datuak herrien biztanle kopuruari erreparatuz gero. Horien %21 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan daude, eta %12, 2.500 eta 10.000 biztanle bitarteko herrietan. Bilbon, Donostian eta Gasteizen dauden etxe hutsen datua «uste baino txikiagoa» da Arriolarentzat: 13.730 daude guztira (%8,5). Bilbon, 5.519 etxe daude hutsik (%3,6) ; Donostian ,3.578 (%4,3); eta Gasteizen, 4.674 (%4,36).
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Etxebizitza Legearen aurreproiektuak aurrera eginez gero, etxebizitza hutsak zergapetu egingo ditu Jaurlaritzak, kanon bat ezarriz. Etxe hutsaren metro koadro bakoitzeko, hamar euro ordaindu beharko lituzkete jabeek. Aurreproiektuaz ere mintzatu da Arriola. «Jarrera irekiarekin eta malgutasunarekin» aurkeztu dutela esan du.
Ehun etxebizitzatik zortzi hutsik daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
74.289 etxe hutsik daudela jakinarazi du Iñaki Arriola EAEko Etxebizitza sailburuak; guztien %7,7 dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu