EHUn medikuntza euskaraz ikasteko «konpromisoak» eskatu dituzte

Bi egunez, 95 ikaslek itxialdia egin dute Leioako campusean, eta medikuntza ikasketak euskalduntzea exijitu

EHUko Medikuntza Fakultatean itxialdia egin duten ikasleak, herenegun. LUIS JAUREGIALZO / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
EHUko Medikuntzako 95 ikaslek «konpromiso zehatzak» eskatu dizkiote dekanotzari, ikasketa horiek euskaraz egiteko aukera bermatze aldera. Medikuntza euskalduntzearen aldeko ikasleek diote dekanotzak aldarrikapen horri heltzeko «borondatea» adierazi duela aurrez eginiko bileretan, baina salatu dute borondate hutsean geratu dela. Jarrera hori dela-eta eskatu dizkiote dekanoari «konpromiso zehatzak».

Atzo amaitu zen Leioako campusean EHUko Medikuntzako 95 ikaslek bi egunez eginiko itxialdia. EHUn, medikuntza euskaraz ikasteko dituzten trabak salatu nahi izan dituzte horrela, eta, bide batez, eskubide horren bermea aldarrikatu. Bi egunetan, ekintza ugari egin dituzte; mahai inguruak eta informazio orrien banaketa, besteak beste.

Itxialdiaren balorazio «ezin hobea» egin dute ikasleek: batetik, ia ehun pertsona elkartu direlako itxialdian, eta ehundik gora, gainontzeko ekimenetan; bestetik, bi egunetako eztabaidek ondorio nagusi batzuk ateratzeko balio izan dutelako. «Konpromiso zehatzen onarpen publikoa» da horietako bat, baina ez bakarra.

Irakasle euskaldunei EHUk mugitzeko erraztasunak eman beharko lizkiekeela iritzi diote ikasleek. Gainera, euskarazko matrikulazioen jaitsierari erantzuteko, euskarazko plaza kopuru jakin bat mugatzearen aldekoak dira, eta euskarazko zein gaztelerazko plaza kopurua berdina izatea proposatzen dute. Medikuntzako fakultateko ikaslez, irakaslez eta langilez osatutako batzorde bat eratzea beharrezkotzat jotzen dute ikasleek.

Erantzunik ez

Ikasleek BERRIAri jakinarazi diotenez, dekanoak ez die ikasleen eskakizunei erantzun, eta harekin hitz egitera joan direnean, modu txarrean kaleratu dituela salatu dute. Haatik, ez dutela amore emango esan dute: «orain, auziak gaurkotasuna mantentzea da helburua, hilabete bateko kontua izan ez dadin».

EHUn euskaraz ikasteko dagoen bermerik ezaren erakusgarri, medikuntzarena adibide bat besterik ez da, beste hainbat fakultateren egoera are okerragoa dela oroitarazi baitute ikasleek. Horregatik, fakultate ezberdinetako ikasleen arteko elkarlana sustatzearen alde ageri dira.

Izan ere, medikuntzakoak ez dira ikasketak euskalduntzeko eskatu duten ikasle bakarrak. Gasteizko farmaziako fakultatean, elkarretaratzeak egin dituzte astero-astero, aldarrikapen berarekin. Sinadura bilketa bati ekingo diote orain. Ikasketa horretan, irakasgaien hizkuntzaz gain, edukiak ere ez direla euskaldunak nabarmendu dute hainbat ikaslek ohar baten bitartez: «Irakasgai batzuk Euskal Herriari zuzenduta dauden bitartean, beste irakasgai batzuk Espainiari zuzenduta daude, bertakoa ikasiz».

2013-2014 ikasturterako EHUeuskalduntzeko planaren arabera, ingurumen zientzietan euskaraz eskaini beharreko irakasgaiak gazteleraz eskaini beharrekoak bezain beste direla ziurtatu dute farmaziako ikasleek, baina egungo egoera helburu horretatik «oso urrun» dagoela ohartarazi dute. Eleaniztasunaren aldeko apustuari egozten diote helburu horietatik urrun egotea: «Lotsagarria deritzogu euskaraz ikasi ezin dugun bitartean, derrigorrezko irakasgaien eskaintzak ingelesez egiteari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.