Ehun udalek baino gehiagok eman diote ezezkoa goi tentsioko lineari

Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko proiektuaren aurkakoak batzarrera deitu dituzte: hilaren 17an izanen da

Egitasmoaren aurkako udaletako ordezkariak, atzo, prentsaren aurreko agerraldian. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Iruñea
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Dagoeneko ehundik gora dira Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) artean egin asmo duten autopista elektrikoaren aurkako mozioak onartu dituzten udalak. Nafarroa eta Gipuzkoa artean egin nahi duten proiektua denez, denak herrialde horietakoak dira. Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideek eman zuten datua, atzo, Iruñean eginiko agerraldian. Egitasmoak kalte egingo dien herriak biltzen ditu talde horrek, eta, haien izenean, Alberto Frias plataformako eledunak eta Nafarroako bi hautetsik hartu zuten hitza: Oltzako alkate Pedro Azparrenek eta Imozko zinegotzi Garikoitz Etxarrik.

Plataformako ordezkariek gogora ekarri dute duela bi hilabete hasi zirela mozioak aurkezten egitasmoaren eragina zuzenean pairatuko duten 166 udalerrietan, eta abenduaren erdialderako dute guztietan aurkezteko asmoa. Orain arte aurkeztutako udal guztietan onartu da egitasmoaren kontra agertzeko proposamena, aho batez gehienetan, nabarmendu dutenez. Mozioak desadostasuna erakusten du proiektuarekiko zein Red Electrica de España SA enpresa bultzatzaileak egitasmoa babesteko aurkeztutako dokumentuarekiko, «interes orokorrerako justifikaziorik ez duela» argudiatuz.Era berean, Nafarroako zein Euskal Autonomia Erkidegoko gobernu eta parlamentuei zein Espainiako Ingurumen eta Nekazaritza eta Itsas Ministerioari mintzatzen zaie: proiektuari ezezkoa emateko eskatzen die. Akordioa erakunde horietara bidaltzeko eta komunikabideen bitartez publiko egiteko hitza eman dute mozioa onartu duten udalek.

Friasen arabera, mozioaren aurreko jarrerak hartutako bidea «zuzena» dela erakusten du. Haren ustez, tokian tokiko «hautetsien gehiengo zabala» agertu da egitasmoaren kontra. Orain, erantzun hori «entzunarazi eta ikusarazi» nahi dute. Asmo horrekin, batzarrera deitu dituzte egitasmoak kalte egindako 166 udalerrietako hautetsiak. Abenduaren 17an izanen da, 10:00etan, Berriozarko udal eskoletan (Nafarroa). «Mezu argia» helarazi nahi diete egitasmoaren bultzatzaileei: «Errespeta ezazue hautetsiek erabakitzen dutena».

43 herri, lineatik 400 metrora

Red Española Electrica de España SA enpresak 120 kilometroko goi tentsioko linea eraiki nahi du Deikaztelutik Ezkio-Itsasora, 46 metroko alturako dorretxoekin. 2010ean bertan behera utzitako Castejon-Gasteiz linearen hutsunea betetzera dator proiektua.

Friasek adierazi duenez, proiektuaren ibilbiderako aztertutako hemeretzi alternatibetako batek ere ez ditu betetzen Europako Batasunak gomendatutako distantzia irizpideak —herrien eta goi mailako tentsioaren artean gutxienez 400 metroko distantzia egon dadin gomendatzen du—, eta denek eraginen lituzkete kalteak espazio eta espezie babestuetan. Gainera, balizko ibilbide horietako hamalau bidetanNafarroa eta Gipuzkoako 43 herri geratuko lirateke autopista elektrikotik 400 metro baino gutxiagora.

Egitasmoaren «justifikazio falta» ere salatu du plataformak, eta kritikatu du autopista elektrikoak ez diela erantzunen zeharkatuko dituen inguruetako beharrei. Era berean, «osasunean eta ingurumenean eraginen dituen kalteez gain», egitasmoak ekarriko duen «eragin sozioekonomikoa» ere argitu dezan exijitu diote enpresa bultzatzaileari. Hala, balizko goi tentsioko lineak zeharkatuko dituen inguruetako hautetsi eta biztanleen «aldarria» entzuteko eta proiektua bertan behera uzteko deia egin diote enpresa sustatzaileari.

«Lege iruzurra» udaletan

Friasek kritika gogorra egin die egitasmoa justifikatzeko eman izan diren argudioei. Izan ere, autopista elektrikoak haize energiaren garapenari eta tren lasterrari egingo dizkion ekarpenak erabili izan dira argudio gisa proiektuaren alde egiteko. Friasek dioenez, ordea, goi tentsioko lineari buruzko dokumentazioaren «lerro bakar batean ere» ez dira proiektu horiek ageri, eta, harago ere egin du bere kritikan: egitasmotik «kanpoko» argudioak erabiltzea «lege iruzur» gisa har daitekeela ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.