150 atxikimendu inguru jaso ditu Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak azaroaren 28rako Bilbon deitu duen manifestazioak (Bihotz Sakratutik, 18:00etan). Bizkaiko hiriburuan eginiko agerraldi jendetsu batean egin dute mobilizazioan parte hartzeko deia eta aurkeztu dute agiria eta sinatzaileen zerrenda.
Taldeen artean daude, besteak beste, Eusko Ekintza alderdi politikoa, Komite Internazionalistak eta Sare Antifaxista. Eta norbanakoen artean, Alberto Muñoz Zufia, Antxon Gomez, Iñaki Gil de San Vicente eta Itziar Aizpurua ezker abertzaleko militante historikoak, Alfonso Sastre idazlea, beste talde batzuetako militanteak eta hainbat unibertsitate irakasle, kirolari, kultur arloko profesional eta langile. Nazioartetik ere jaso dute babesa: Michel Collon eta James Petras intelektualena, esaterako.
Deitzaileek azpimarratu dutenez, “soilik" amnistiak eman diezaioke behin betiko irtenbidea Euskal Herriko gatazka politikoari. “Guretzat, amnistiak preso, iheslari eta deportatuen askatasuna ez ezik, gatazkaren iturburu diren arrazoien gainditzea biltzen du, zapalkuntza nazionala eta sozialaren gainditzea”, azaldu dute. Gatazkaren arrazoiak gainditzea eta “errepresaliatu politikorik” ez egotea “txanpon berberaren bi aldeak” direla nabarmendu dute. “Errepresaliatu politikoak dauden bitartean gatazka ezingo da konpondutzat eman eta gatazka dagoen bitartean ezingo dugu bermatu errepresaliatu politiko gehiago ez egotea”
Gogoratu dute, halaber, gaur egun 430 euskal preso inguru daudela Euskal herritik kanpo preso. “Haien artean 30 urteko espetxealdiak gelditzen zaizkien hainbat. Eta beste batzuek, ordea, etxera itzuli ezinik jarraitzen dute atxilotuak izan litezkeelako”. Pertsona horiek “militante politikoak” direla eta “pentsatzen zutenarekin koherenteak izateagatik” preso, deportatuta ala ihesean daudela adierazi dute. “Militante hauek hamarkadak bizirik daramatzan eta oraindik ere milaka eta milaka jarraitzaile dituen kultura politiko baten parte dira. Hortaz, errez ondoriozta daiteke militante politiko hauek etxean libre ez dauden bitartean gatazka ez dela konponduta egongo”