Frantziako eta Espainiako hamahiru espetxetan dituzten 120 euskal preso itxialdian sartu ziren igandean Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) urtarrilaren 3tik aurrera daraman borrokaldiaren barruan. Itxialdiaren bosgarren txanda osatzen dute honako kartzela hauetan dauden presoek: Valencia II eta III, Topas, Saint Martin de Re, Foncalent, Caceres II, Soto del Real, Saint Maur, Alcolea (Kordoba), Villena, Moulins-Yzeure, St. Etienne eta Seysses.
Euren estatus politikoa aldarrikatzeko borrokaldia abiatu zuen EPPK-k espetxe guztietako euskal preso guztien hamar minutuko planto bateratuarekin. Hurrengo egunean, euskal presoen lehen txanda itxialdian sartu zen hamar egunerako. Gauza bera egin zuten bigarren, hirugarren eta laugarren txandako presoek. Laugarren txandak igandean itxialdia amaitu zuen eta aipatu espetxeetako presoek borrokaldiaren lekukoa hartu zuten. EPPK-k hasitako borrokaren helburua «isolamendu politikoari amaiera ematea eta presoei dagozkien oinarrizko eskubideak zein eskubide politikoak ezagutzea da». Era berean, euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen du EPPK-k, «horrek ahalbidetuko bailuke herritar horien parte-hartzea Euskal Herrian gatazka politikoa gainditzeko has daitekeen prozesuan». Bestetik, euskal presoen borrokaldiarekin bat egiteko eta azken atxiloketak salatzeko, hainbat mobilizazio egin zituzten herenegun. Hala, Hendaian auto karabana egin zuten Ziburura hogei autok, eta arratsaldean torturaren aurka Kanttu herriko ostatuan ekimena egin zuten 40 lagunek. Zumaian 60 lagun elkartu ziren, Tafallan 80 lagun bildu ziren giza katean, Agoitzen 280, Gasteizen giza katea egin zuten 150 lagunek, Laudion 50 elkartu ziren, Larrabetzun 40 eta Otxandion 35 inguru.Gainera, igandean Torturaren Aurkako Eguna zela-eta, kontzentrazioa egin zen Bilboko Guggenheim museoaren aurrean, eguerdian.
EUSKAL PRESOAK
Ehundik gora preso sartu dira EPPKren itxialdiaren 5. txandan
Espainiako eta Frantziako 13 espetxetan ziegatik atera gabe egonen dira hilaren 23ra bitartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu