Genero indarkeria

Ehunka baztandarrek salatu dute igandeko sexu erasoa

Elizondoko Foru plazan elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean.

2015eko urriaren 22a
08:38
Entzun

Elkarretaratze bat egin zuten atzo ilunabarrean Elizondon, igandean bertan gertatutako bortxaketa gaitzesteko. Herrian Nafarroa Oinez jaia ospatzen ari zirela jazo zen erasoa, eta larrimin handia eragin du, adingabeak direlako biktima eta ustezko erasotzailea —16 urteko neska eta mutila—. Eragile ugarik bat egin zuten atzo protestarekin, eta atxikimendu ohar bat plazaratu zuen Baztango Udalak ere. Eragile guztiek sexu erasoen muinean genero desberdintasuna dagoela ohartarazi dute, eta errora begira egin behar dela lan.

 
Baztango Udalak adierazpen instizional bat kaleratu du igandeko erasoa salatzeko. Udalbatzak aho batez onartu du adierazpena. Erasoa "irmoki errefusatu" eta hura jasan zuen neskari zein haren familiari elkartasuna adieraztearekin batera, eraso matxistak lehen mailako arazo direla nabarmendu du.
 
Igandeko erasoa ezin dela "gertakari bakan bat" balitz bezala hartu esan du: "Egungo jendartean bizi ditugun sexuen arteko botere harremanen ondorio zuzen gisa baizik". Besta giroan gertatzen diren erasoak beste edozein eraso matxista bezain larriak direla ere gehitu du. Horregatik, Baztanago Udalaren irudiko, neurriek eta erantzunek "integralak" behar dute izan.
 
Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako udal politika aktibo eta koordinatua garatzeko konpromisoa hartu du, eta heritarrei ere konpromisoa hartzeko dei egin die. Iuntzeko elkarretaratzearekin ere bat egin du.
 
Bortxaketa Baztan Ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez-en gertatu zen. Neskaren familiak Euskadi Irratiari baieztatu zioenez, ustezko erasotzaileak emakumezko adingabea bortxatu zuen. Momentuan bertan Oinez-eko osasun puntuan artatu, eta sexu erasoen aurkako protokoloa martxan jarri zuten.
 
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko iturrien arabera, Foruzaingoari salaketaren berri eman bezain laster, gizonezkoa atxilotu zuten. Alta, Adingabeen Fiskaltzaren aurrean deklaratu eta gero, aske utzi zuten, sexu erasoarengatik inputatuta. Bi gazteek 16 urte dituzte, eta iruindarrak dira.
 
Baztan ikastola, haserre
 
Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak ohar baten bidez "gogor eta indar guztiarekin" gaitzetsi du erasoa, eta ohartarazi du gertakaria Ikastolen Elkartetik bultzatzen duten gizarte ereduaren aurkakoa dela. Halaber, gizarteak "aldaketa handia" behar duela aldarrikatu du elkarteak, halako erasoei "benetan duten garrantzia" kentzen zaielakoan.
 
Reparazek gaineratu du azken urteetan sexu erasorik gabeko jai parekideen alde "lan handia" egin dutela ikastoletan, eta horretan sakontzen jarraituko dutela. Bertzetik, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramaileak ohartarazi du gertakaria berez larria bada "are larriago" bilakatzen duela ustezko erasotzailea adingabe bat izateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.