Gizartea

Ehunka herritarrek gaitzetsi dute Peñaren heriotza

Bost minutuko isilunea gorde dute Antsoainen, eta elkarretaratzea egin dute Donostian ere. Laboral Kutxak ukatu du Peña etxegabetu behar zuela.

Miren Peñaren heriotza salatzeko elkarretaratzea. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
2015eko martxoaren 24a
11:58
Entzun

Protestak egin dituzte gaur ere ehunka herritarrek, Miren Peñaren heriotza gaitzetsi eta egungo eredu ekonomikoa salatzeko. Antsoaingoa zen Peña, eta bost minutuko isilunea gorde dute bertan. Lizarran eta Donostian ere protestak egin dituzte.

Amorrua eta tristura. Horixe agertu zuten, atzo, Miren Peñaren heriotza salatzeko eta gaitzesteko egindako lehen elkarretaratzean parte hartu zuten herritarrek. Bertze hainbat izanen dira egunotan. Atzokoan, dozenaka pertsonak bat egin zuten, Iruñeko Buztintxuri auzoko Laboral Kutxaren bulegoaren aurrean. Ostiralean, bulego horren gutuna jaso zuen Peñak; ukatu egin zioten kutxa horrekin duen hipoteka ordaintzeko baldintzak berriz negoziatzeko aukera. Larunbatean bere buruaz bertze egin zuen emakumeak. 43 urte zituen. 20 urteko alaba utzi du.

«Krisiak hil du Miren; Laboral Kutxaren gutuna izan da azken harri koskorra, balantza bertze aldera makurtu duena», erran zuen Antsoaingo Hipotekak Kalte Egindakoen Plataformako kide Mikel Otazuk. Plataforma bereko kide izan zen Peña. Elkarrekin aritu ziren Laboral Kutxarekin negoziatzen. «Egoera benetan zailean bizi zen Miren. Muturrekoan. 2013an kanporatu zuten Orkoiengo Faureciatik; ordutik egon da lanik gabe, eta egoerak sekulako mina egin dio. Ezin zuen berogailua piztu ere. Etsita zegoen». Hunkituta zegoen Otazu atzo. Antsoaingo plataforman bat egin baino lehen, Peñaren irakasle izan zen herriko eskolan.

Buztintxuriko Laboral Kutxaren bulegoa itxi egin zuten elkarretaratzea hasi baino lehenago. Otazuk azaldu zuen bulegoko zuzendariak dolumina adierazi diola familiari. Atzoko protestan parte hartu zuten herritarrek, hala ere, Laboral Kutxa jo zuten Peñaren heriotzaren arduradun. Erakunde horren kontrako oihuak entzun ziren atzoko elkarretaratzean, bai eta sistema kapitalistaren aurkakoak ere, eta Laboral Kutxaren bulegoko paretetan idatzita utzi zuten pentsatzen eta sentitzen zutena: Ez dira suizidioak, hilketak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.