Ehunka irakasle egotziko ditu Iribasek, haien lanorduak besteen bizkar utzita

Nafarroako irakasleek bi eskola ordu gehiago emango dituzte astean; ez dute baztertu ikasle gehiago batzea taldeetan

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Irakasleak kanporatuko dituela baieztatu du Nafarroako Gobernuak: maisu-maistrek astean bi ordu gehiagoz emango dute eskola, eta, hala, langile gutxiago beharko dituzte ikasle guztiei eskola emateko. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan 25 eskola ordu izango dituzte astean; Bigarren Hezkuntzan, 20. Irakasleek denbora gutxiago izango dute beste lanetarako: eskolak prestatzeko, zuzenketak egiteko, tutoretzarako eta gurasoekin biltzeko, adibidez. Ehunka irakasle daude kalera joatear Nafarroan: iaz, 235 egotzi zituzten Bigarren Hezkuntzako maisu-maistrei eskola ordu bat gehiago jarrita; beste bi ordu jarriko dizkiete orain, Bigarren Hezkuntzan ez ezik, baita Haur eta Lehen hezkuntzetan ere.

Nafarroako Gobernuak atzo eman zuen hezkuntzan egingo dituen murrizketen berri. Hedabideetan jakinarazi ditu neurriak;ez du, ordea, bilerarik egin sindikatuekin eta hezkuntzan diharduten beste eragileekin. «Aurki» bilduko direla adierazi du Iribasek, baina ez du egunik zehaztu.

Ehunka irakasle kanporatuko ditu Iruñeko gobernuak, gainerako maisu-maistren gain jarrita haien lana. Hala ere, Iribasek nabarmendu du ez dituela bere egingo Madrilek proposatutako neurri guztiak: Batxilergoko modalitate bat baino gehiago eskaintzen segituko dute institutuek; Lanbide Heziketan ere normal jarraituko dute, legea aldatzen duten arte.

Ez du argi hitz egin, ordea, ikasleak are gehiago pilatzeari buruz. Madrilek baimena emana du talde bakoitzeko gehienezko ikasle kopurua %20 gehitzeko; egoera bakoitza aztertuko dutela azaldu du Iribasek, eta, asko jota, %10 handituko dutela taldeetako gehienezko muga. Hauek lirateke gela bakoitzean pilatu ahalko lituzketen ikasleak, igoera aintzat hartuta: Haur Hezkuntzan 25, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 33 eta Batxilergoan 38. Hala ere, nabarmendu du «arau orokorra» ez dela izango ikasleak gehiago batzea, «beharrezko» bada egingo dutela.

3 urte baino gutxiagoko umeen kasuan, taldeak ez handitzeko hitza eman du kontseilariak. Hori ez da ageri, ordea, prestatzen ari den dekretuaren zirriborroan: gela bakoitzean bat edo bi gehiago jarri nahi ditu, eta haur eskolei zenbait betebehar kenduko dizkie—jolastokiak izatea, adibidez—.

Mobilizatzeko deiak

Iribasen iragarpenei erantzun diete sindikatuek. LABek, sindikatu nagusiak, salatu du «koldar» ari dela kontseilaria, ez baititu bilera batera deitu. Kalitatearen eta berdintasunaren kontrako «atentatutzat» jo ditu neurri horiek.

Madrilek agindutakoari jaramon ez egiteko eskatu dio LABek Iribasi, eta hori egin du ELAk ere: murrizketetan atzera egitea galdegin dio, neurri horiekin hezkuntzaren kalitatea kaskartu eta langabezia areagotuko delakoan. CCOOk ere ohartarazi du horretaz, maisu-maistra asko geratuko direla lanik gabe. Salatu du hezkuntzako aukera berdintasuna amaitzeko «aitzakia» dela krisia.

Nafarroako Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Elkarteak grebara joateko prest dagoela adierazi du dagoeneko. Gaur bertan deituko dute protestetara ELA, LAB, EILAS eta ESK sindikatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.