Koke plantaren egitasmoaren aurkako manifestazioa egin dute gaur Muskizen (Bizkaia), eta ehunka lagun bildu dira; mila lagun pasa, antolatzaileek esan dutenez. Bertan izan dira, besteak beste, ezker abertzaleko, EAko, Aralarreko eta EBko ordezkariak, baita Ekologistak Martxan taldekoak ere. Muskizko Udaleko Ingurumen batzordeburua ere izan da ekimenean -EAkoa da-. Gure osasuna ez da negoziatzen. Koke ez lelopean lelopean elkartu dira denak ere, 12:00etatik.
Petronor enpresak eraiki nahi du koke planta han, eta honek oraindik eraikitze baimenik ez duela berretsi du egitasmoaren aurkako plataformak. "Jauntxo feudalen modura jokatu, ordea, Petronorrek, legediari kasurik egin gabe".
Baimena jaso aurretik Petronor Muskizen planta eraikitzeko lanetan hasten bada, egitasmoaren aurkako koordinakundeak jakinarazia du auzitegietara joko duela.
Abenduaren 25ean plantari buruzko galdeketa egin nahi dute han, eta gaur sinadurak biltzen segitu dute plataformako kideek. Muskizko biztanleen artean bildutako 900 sinadura baino gehiago eraman berri dituzte udaletxera, baina gaur Udalak beste hamar eguneko epea eman die sinadura gehiago lortzeko. Galdeketa ez litzateke loteslea izango, baina "Muskizko herritarrek proiektuari buruz duten iritzia jakitera emateko aukera" emango luke.
Toki Araubidearen Oinarriak ezartzen dituen Legearen 70. artikuluak udal gaietan herri ekimenak abiatzeko eskubidea aitortzen du. Galdeketa antolatzeko, Muskizko biztanleen %15en sinadura bildu behar da legez, eta hala egin du koke plantaren aurkako plataformak. Udalbatzak ekimena gehiengo osoz onartzen badu -EA eta PSE-EE daude udal gobernuan-, Espainiako Gobernuak eman beharko du ondoren galdeketa egiteko baimena; arlo horretako jurisprudentziaren arabera, Espainiako Gobernuak herri galdeketa egitea onartu behar duela diote plataformako kideek.
Ingurumena
Ehunka lagun bildu dira Muskizen koke plantaren egitasmoaren aurka
Besteak beste, ezker abertzaleko, EAko, Aralarreko eta EBko kideak izan dira gaurko manifestazioan. Galdeketa egin ahal izateko sinadurak biltzen segitu du gaur plataformak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu