Gordina da Bizkaiko Ezkerraldea eskualdean duten egoera: 25.000 lagun daude enplegurik gabe eta horietako %67ak ez dute inolako laguntzarik jasotzen. Eta 748 familia etxegabetu dituzte 2014ean. Datuen berri eman du Javi Alonso Santurtziko Langabeen Elkarteko kideak martxan zegoela: “Oso datu larriak dira, Euskal Herriko langabezia tasarik handiena dugu eskualdean”.
Hogeita bost urte baino gehiago dira sindikatuek eta eragile sozialek pobrezia eta langabeziaren aurkako martxa egiten hasi zirenetik. Eta herritarren haserrea gero eta nabariagoa dela dio Alonsok. Azaldu du, urtez urte, bestelako politika ekonomikoaren aldeko eskaera egiten dutela herritarrek eskualdean, baina kontrako norabidea hartzen dutela Eusko Jaurlaritzak, Behargintzak eta Lanbidek. “Gero eta murrizketa gehiago egiten dituzte eta asko dira inolako laguntzarik gabe dauden herritarrak”. Salatu du, baliabide ekonomikorik ez dituztenak lagundu beharrean, gehiago pobretzen dituztela. Eta nabarmendu du arlo sozialean murrizketak egiten dituzten bitartean, gastu militarrerako 700 milioi euro eman dituela aurten Euskal Autonomia Erkidegoak. “Diru horrekin milaka herritarren egoera arinduko litzateke”.
Udalen osaketa eguna da gaur Euskal Herrian. Eta eskualdeko erakundeetan kargua hartuko duten ordezkariei mezu zuzena bidali nahi izan die Alonsok. “Gehiago bustitzea nahi dugu. Denek diote murrizketen, pobreziaren eta langabeziaren aurka daudela baina gero ez dute egoera iraultzeko neurririk hartzen”.
ELA, LAB, Steilas, ESK, CNT sindikatuak, Ezkerraldeko Langabetuen Asanblada, Berri Otxoak, Kakitzat, Pentsionistak Martxan, eta eskualdeko hainbat enpresako langile batzordeak, izan dira, besteak beste, martxa babestu dutenak.