Ehunka lagun bildu dira gaur Hondarribian (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi) Eva Forest zenari azken agurra emateko. Itsasontzi batek haren errautsak Hondarribitik Hendaiaraino eraman ditu, Kanera portu zaharrera, goizez, eta errautsak hantxe zabaldu dituzte, Txingudi badian. Hara joandakoek lore sorta ugari bota dute ondoren.
Hizlarien artean, Foresten senar Alfonso Sastrek hartu du parte. Poema batzuk irakurri ditu, Foresten azkeneko urtebetetze eguna zela-eta egindakoak. Huraxe izan da unerik hunkigarrienetakoa.
Bukaeran, Internazionala, Eusko Gudariak eta Fito Rodriguezen bertsoak abestu dituzte Hendaian bildu direnek.
Forest, idazlea eta Hiru argitaletxearen sortzailea izan zen. Maiatzaren 19an hil zen, gaixotasun baten ondorioz. 79 urte zeuzkan. Idazle gisa, Carrero Blanco espainiar almirantearen hilketa oinarri duen Operación Ogro liburua da haren lanik ezagunenetakoa.
Forest bi aldiz kartzelatu zuten, eta bigarren atxiloketan jasandako torturek asko markatu zuten, torturen aurkako borroka haren bizitzaren ardatzetakoa izateraino.
Bartzelonakoa zen jaiotzez, eta 30 urte zeramatzan Euskal Herrian bizitzen.
Ehunka lagun Eva Foresten agurrean
Txingudi badian zabaldu dituzte idazle eta editorearen errautsak. Maiatzaren 19an hil zen, gaixotasun batengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu