Anbulantzia moduko bat eta preso erien egoeraren berri emateko afixak eraman dituzte martxaren buruan, eta Jose Ramon Lopez de Abetxuko presoaren lagunek eta osasun arloko profesionalek eutsi dute pankarta. Gasteiztarra da Lopez de Abetxuko, eta gaitz larri eta sendaezina du: 64 urte ditu, eta 24 daramatza preso. Gaixo eman du kartzelan daraman denbora gehiena. Sinadura bilketari ere ekin zioten aske utz dezatela eskatzeko.
"Urgentziazkoa eta gizalegezkoa delako". Hitz gutxitan azaldu zuten aldarrikapena manifestazioaren deitzaileek, eta ehunka lagunek eman diote babesa gaur, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eskatuz.
Bakearen kalean giza eskubideen errespetuaren alde. Preso gaixoak etxera! #LorDezakegupic.twitter.com/oXvkpQ79N0
— Sare (@sare_herritarra) July 12, 2014
"Muturreko egoerak"
Hainbat kasu ekarri dituzte gogora, "muturreko egoeran" dauden presoenak: besteak beste, Ventura Tome, Txus Martin, Aitzol Gogorza, Ibon Fernandez Iradi edo Ibon Iparragirrerenak. Azken hori aske uzteko mobilizazio ugari egin dira azken asteetan: atxikimendu kanpaina ere abiatu du Iparra Galdu Baik plataformak, eta Espetxe Zaintzako Auzitegira haren egoera salatzeko gutunak bildaltzeko deia egin diete elkarte eta erakundeei.