Ehunka lagunen babesean egin dute manifestazioa billabesetako langileek. Soinu eta oihu egin ere, beren egoera aldatzea eskatzeko. Manifestazioaren hasieran Juan Jose Jaime langileen ordezkaria mintzatu da enpresa arduradunekin izan dituzten negoziazioen gainean: "Enpresaren jarrera hertsia" salatu du. "Ez da ezer aurreratu. Enpresarekin bilerak langileen ekimenez soilik egin dira, egin badira". Baina egoerak berean iraun bitartean greban jarraitzeko asmoa agertu dute.
Autobusak atzeraturik, eta bidaiariak etsita. Halaxe ibili dira sei egunez, billabesen greba mugagabea dela eta. Azaroan eta hil honetan hainbat lanuzte eta egun bateko greba egin zituzten Iruñerriko garraio publikoaren ardura duen TCC enpresa pribatuko langileek, baina akordiorik ez zutenez lortu, protestetan beste urrats bat aurrera egitea erabaki zuten. Herritarrek beren borrokarekin bat egitea ere eskatu dute, eta asmo horrekin antolatu zuten gaurko manifestazioa.