EHUren aldaketaren «lemazaina»

Iñaki Goirizelaia zoriondu du Marisol Estebanek, eta haren kudeaketa babesteko prest agertu da

MAITE ASENSIO - GARI GOIKOETXEA LEIOA
2008ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Unibertsitate komunitatearen bozen %52,25 jaso zituen Iñaki Goirizelaiak herenegun; Marisol Estebanek, aldiz, %47,75 eskuratu zituen. Hala, EHUko hurrengo errektorea izango da Goirizelaia, urtarriletik aurrera. Unibertsitateak aldaketa garaia hasi behar du, batik bat Bologna prozesuaren ondoriozko berritasunak ate joka baitaude dagoeneko. Eraldaketa hori kudeatu beharko du Goirizelaiak.

marisol esteban
EHUko errektoregaia

«Errektore berria denon errektorea izango delaespero dut»

Bozen emaitza jakin eta segituan alde egin zuen Marisol Estebanek hauteskunde egunean. Atzo, aldiz, lasai zegoen, atseden hartzen: «Asteartean, irakaskuntza jarduerari eta martxan ditudan egitasmoei ekingo diet berriro».

Errektore hautetsia zoriondu du Estebanek: «Errektore berria denon errektorea izango dela espero dut, eta hala baldin bada, nire babesa izango du». Bere ustez, ez da ezusteko handirik egon emaitzetan; «beharbada, ikasleak erabakigarriak izan dira, baina kolektibo guztietako emaitzak nahiko orekatuak izan dira».

juan Ignacio perez iglesias
EHUko jarduneko errektorea


«Iñakik irabazi du, eta, beraz, nik ere irabazi dut»

«Oso pozik nago. Irabazi dugu. Iñakik irabazi du, eta, beraz, nik ere irabazi dut». Goirizelaiaren garaipena berea balitz bezala sentitzen du Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko jarduneko errektoreak; izan ere, unibertsitate eredu bera dute biek. Dena den, ez du uste unibertsitate komunitateak maiatzean gertatutakoaz damututa eman dionik botoa Goirizelaiari. Errektore hautetsiak «meritu handiak» egin dituela onartu du: «Oso kanpaina ona egin du».

EHUtik urtebetez «desagertu» egingo da, eta ez du «muturra sartuko unibertsitate kontuetan». Halere, Goirizelaiaren lehentasuna titulazio mapa izango dela uste du, «baina erotu gabe; gauza horiek patxadaz aztertu behar dira». Mapa atzeratuko da, eta horren errua Perez Iglesiasi leporatu izan dio Estebanek. Kritika hori «oso gaizki» eraman duela aitortu du Perezek: «Oso zinikoa da. Hurrengo Errektoretza Taldea hipotekatuko lukeen erabakirik ez nuen hartu nahi izan. Hortaz, nik gelditu nuen erakundea, eta ezezko botoa eskatu zutenean ez zuten erakundea gelditu, ezta?».

Iñaki antiguedad
EHUko errektoregaia izandakoa




«Elkarlanean eta konfrontazio jatorrean jardungo dugu hemendik aurrera»

Goirizelaia EHUko hurrengo «lemazaina» izateak «neurriko poza» eragin dio Euskal Herrirako Unibertsitatea Gure Helmuga plataformako Iñaki Antiguedadi. Marisol Estebanek irabaziz gero EHUra «atzerapausoa» etor zitekeela dio. «Poz handiagoa» eman dio irakasle iraunkorren taldeko emaitza eta hauteskundeetakoa berberak ez izateak -botoa ponderatua denez, haien botoek %51 erabakitzen dute, eta Estebanek irabazi du haietan-. «Ez bakarrik Estebanek; kolektibo horrek ere ez du irabazi». «Elkarlana eta konfrontazio jatorra» izango ditu ardatz plataformak, Klaustroan duen indarra baliatuta.

Ainhoa Mendibil
Ikasle Abertzaleak




«Iñaki Goirizelaiari eskatzen diogu eman ditzala pausoakbeste eredu baten bidean»

Ikasle Abertzaleak ez dira «ez poztu, ez tristatu» Goirizelaiak bozak irabazita. Perez Iglesiasen agintaldian egindako «erruak» oraingoan ez errepikatzea espero du IAk. Ainhoa Mendibil IAko kideak eskatu dio «beste unibertsitate eredu baten bidean» pausoak ematen has dadin. Nolanahi ere, euren hitza «entzunarazten» jarraituko dutela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.