Gehiengo soila lortuta (18 boto), Eider Mendoza (EAJ) izango da gaur eratu diren Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiko presidentea. Lehen bozketan gehiengo osoa behar da, baina orduan ere 18 boto pilatu ditu haren hautagaitzak. 32 boto txuri izan dira —Ahal Dugu-ko batzarkide bat falta zen saioan—. Bigarrengo bozketan hautatu dute presidente Mendoza; orduan ere 32 boto txurizkoak izan dira. PSE-EEk, beraz, ez du EAJkoaren aldeko bozkatu; ordu bertsuan jakinarazi dute bi alderdiek biharko udal inbestiduretarako akordioa lortu dutela.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako bi lehendakariordeak Ernesto Merino (EH Bildu) eta Julio Astudillo (PSE) izango dira, 17 eta 9 boto eskuratuta, hurrenez hurren. Mahaia osatzeko bi idazkariak Jone Cisneros (Ahal Dugu) eta Xabier Ezeizabarrena (EAJ) izango dira, 22 eta 18 boto lortuta. Jone Cisneroren aldeko botoa eman du EH Bilduk, "aniztasunari" garrantzia ematearren, Xabier Olano batzarkideak prentsaurrekoan adierazi duenez. Aurretik Ahal Dugu-k ez dio bere botorik eman Ernesto Merinori.
Mendozak bere hitzaldian du esan du "gipuzkoarren lehentasuna ekonomia" dela, eta "behingoz" krisia amaitzeko lan egingo dutela hitz eman du. "Herri moduan aurrera" ateratzearen alde mintzatu du, eta aipatu du horretarako inor ez dela baztertu behar. "Akordio zabalak behar dira". Eskubide zibil, sozial, politiko eta ekonomikoak aldarrikatu ditu. Bakea eta bizikidetza "sendotzeko" premia ere azaldu du Batzar Nagusietako presidente berriak.
Azpeitian jaio zen Mendoza, 1974an, eta Hondarribian bizi da. Eusko Legebiltzarreko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako kidea izana da, baita azken legealdian Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariorde ere. Gipuzkoan aurreko legealdiko presidentea Lohitzune Txarola (Bildu) izan da. EH Bilduko batzarkide izango da orain.
Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren bozeramaileak azaldu du "garai berri bat" dela hau, eta "arazoak sortu beharrean, eskuartean dauden arazoei bide eman behar zaie". Haren arabera, EAJk elkarrizketa eta akordioa sustatuko ditu. Ardatzen artean, ongizatea, enplegua, eta bakea eta bizikidetza aipatu ditu.
Xabier Olanok agindu du EH Bilduk "oposizio eraikitzailea" egingo duela.
Denis Itxasok (PSE) esan du "bakean" hasi den lehen legealdia dela, eta gogoan izan ditu "bakearen alde aritu eta bizia utzi" dutenak.
Juantxo Iturria (Ahal Dugu) "pozik" agertu da Batzar Nagusietan "ordezkaritza sendo bat" dutela eta. Mahaian lortu duten postuari garrantzia eman dio.
Juan Carlos Canok (PP) jakinarazi du ez duela nahi izan Mahaian tokirik, bera baita PPren batzarkide bakarra. "Ez nuen nahikoa denbora izango".
Maiatzaren 24ko foru hauteskundeetan EAJk 18 batzarkide lortu zituen, EH Bilduk 17, PSEk 9, Ahal Dugu-k 6 eta PPk 1.
Oso litekeena da hilaren 23an izatea ahaldun nagusia hautatzeko saioa. Markel Olano (EAJ) izango da diputatu nagusi berria. 2007-2011 legealdian ere izan zen.