Frantziako Poliziak Eider Zuriarrain (Bilbo, 1979) atxilotu du gaur , Urruñan, 08:40ean. Espainiako Poliziarekin elkarlanean egin du operazioa, eta ustez ETAko kide delako atzeman dute. Gaur arratsaldean Paueko (Frantzia) epailearen aurrera eraman dute, eta honek kartzelara bidali du. Asteartean izango du euroagindu saioa, Pauen.
Guardia Zibilak 2010eko otsailean Ibai Beobide ustezko etakidea atxilotu ondoren Zurriaranek ihes egin zuela dio Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak. Bilatu eta atxilotzeko agindua eman zuen orduan Auzitegi Nazionalak.
Beobide Asteasu eta Villabona artean atxilotu zuten (Gipuzkoa), eta ondoren abiatutako polizia operazioan hainbat herritarrek torturak salatu zituztela gogorarazi du AAMk. Ordutik, Lapurdin bizi izan da Zuriarrain, Urruñan, AAMk esan duenez. "Erabat bizitza publikoa izan du, eta bertako ikastola batean lanean aritu da. Gaur goizean lanera bidean zela atxilotu dute", jakinarazi du AAMk. Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartean ordezkapen bat ari da egiten, irakasle lanetan.
AAMk atxiloketa salatu du, eta "Euskal Herrian ireki den egoera berrian Frantziako Gobernua erakusten ari den jarrera tamalgarria" dela esan du. "Espainiako Gobernuak ezarritako irizpide errepresiboen menpe lanean jarraitzen dute Frantziako epaile eta poliziek, gaurko atxiloketak erakusten duen bezala", gaineratu du.
AAMk salatu du Iraitz Gesalagaren atxiloketa bezala Zuriarrainena ere "une politiko zehatz batean" gertatu dela, "helburu politiko eta mediatiko argiekin". "Errepresioa gelditzeko bidean" mobilizatzera deitu dute.
atxiloketa
Eider Zuriarrain kartzelan sartu dute
Goizean atxilotu du Frantziako Poliziak, Urruñan. Asteartean izango du euroagindu saioa, Pauen. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dio "erabat bizitza publikoa" egiten duela hark eta, Gesalagaren kasuan bezala, haren atxiloketa ere "une politiko zehatz batean" gertatu dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu