"Gure kolektiboak ez du bereizketarik egiten, hura osatzen duten gizon-emakume bakoitzak bere sofrikarioa gainean badarama ere, bateratasun bat osatzen dugu, eta gure helburu lehena sofrikario hori gainetik kendu eta iheslari bilakatu gaituen arazo politikoa integralki konpontzea da".
Hala adierazi du gaur EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak, astelehenean Jokin Aranalde eta Beñat Atorrasagasti eta gaur bertan Aitor Zubillaga atxilotu ostean: "Ez gara gaizkileak, atxiloketa eta torturen ihesi sorterria atzean utzi behar izan duten pertsonak gara, gure herria libre bilakatu eta libre ikusi nahi dutenak. Honela, bien atxiloketa jotzen dugu larritzat".
Aranalde EIPKren mintzaidea da, eta hura atxilotuta, "kolektibo osoaren aurka" egin izana leporatu diete Frantziari eta Espainiari. "Baita, eta batez ere, iragan ekainaren 15ean Biarritzen plazaratutako konponbide proposamenaren aurka, zeinak manera orokor eta ordenatuan, arazoari irtenbidea emateko modu eraikitzailea barnebiltzen duen".
Kolektiboak salatu du "errepresioaren kolpeekin gibelarazi" nahi dituztela, "atzean utzi nahi dugun garai beltz horretara itzularazi, baina honen guztiaren aitzinean aurrera jarraituko dugula adierazi nahi dugu".