Eusko Legebiltzarrak EITBko administrazio kontseiluko kideak aukeratu ditu. Horietako hamabost alderdien proposamenez aukeratu dituzte. Gainontzeko lauak hainbat eragile sozialek aukeratu dituzte. UPDk salbu, alderdi guztiek hartu dute parte aukeraketan.
EAJk sei hautagai proposatu ditu, EH Bilduk lau, PSE-EEk hiru eta PPk bi. EH Bilduko proposamenak ez eze, beste guztiek legebiltzarreko babes osoa jaso dute: 70 botu. EH Bilduk 60 jaso ditu, PPko parlamentariek ez baitituzte izendapen horiek babestu.
Gaurko legelbiltzarreko saioan Mikel Agirre EITBko zuzendari gisa izendatu behar zuten, EAJ eta PSE-EE alderdien babesarekin. Astelehenean, ordea, hautagaitzari uko egin zion Agirrek, arrazoi pertsonalak tarteko, eta beste pertsona bat hautatu beharko dute kargurako.
Ondoko ordezkariek osatuko dute EITBko adiministrazio kontseilua: Iñigo Iturrate, Luke Uribe-Etxebarria , Elixabete Piñol, Xabier Barandiaran, Manuel Allende eta Juan Jose Baños, EAJk proposaturik; Tontxu Campos, Karmelo Landa, Beatriz Narbaiza eta Txema Ramirez de la Piscina, EH Bilduren partetik; Mikel Unzalu, Carlos Gorostiza eta Alma Fernandez, PSE-EEren aldetik; Nerea Llanos eta Gorka Angulo, PPk proposatuta; Edorta Arana LABen partetik, Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren ordezkari gisa, Iñaki Garcia Kontsumitzaileen Batasunetik; eta Miren Pagola Eusko Ikaskuntzatik. UPD alderdiak ez du hautagaitzarik proposatu, kontseilua "profesionalek eta ez alderdiek" egin behar dutela argudiatuz.