Zuri-beltzeko irudietan, errugbi talde bat ageri da aldageletan, eta kapitaina jokalariei hitz egiten. "Zertarako balio du estrategiak taldea ez bagara? Zertarako balio du taktikak taldea ez bagara?", esaten die hark. Modu horretan hasten da Gure Esku Dago-k ekainaren 10ean egitekoa duen giza katerako iragarkia.
Bilbo, Donostia eta Gasteiz erabakitzeko eskubidearen alde lotzea da ekaineko katearen helburua. Horretarako, 100.000 lagun bildu nahi dituzte, eta hasiak dira parte hartzaileen zerrendak osatzen. Bitartean, hainbat ekimen antolatu dituzte egun horretan ahalik eta jende gehien bildu ahal izateko. Azkena, joan den larunbatean Iruñean egin zuten giza armarria.