Europako hauteskundeak

Ekainaren 13rako Herritarren Zerrenda eratuko dute, "Euskal Herria Europan nazio gisa" aurkezteko

Europako Legebiltzarreko hauteskundeetan "Euskal Herria nazio gisa" aurkezteko xedez HZ Herritarren Zerrenda eratzea erabaki dute hainbat herritarrek. Sabino Cuadra Lasarte abokatuak eta Sonia Gonzalez idazleak aurkeztu dute ekimena, eta nabarmendu dutenez, ez dute beste inongo eragile politiko ordezkatzeko borondaterik. Euskal Herri osoko 64 lagun izango dira hautagai, eta bi zerrendetan banatuko diren arren, Ipar Euskal Herrian zein Hego Euskal Herrian proposamen bera bozkatzeko aukera emango du.

2004ko apirilaren 24a
15:07
Entzun
Herritarren Zerrendaren bultzatzaileek batzar irekia egin dute gaur eguerdian Donostiako Miramar Jauregian beren ekimenaren berri eman eta proposamena abian jartzeko. Sabino Cuadra Lasarte abokatuak eta Sonia Gonzalez idazleak egin dituzte bozeramaile lanak, hain zuzen ere, bi lagun horiek eta beste sei —Mikel Altzuart, Robert Arranbide, Walter Wendelin, Xabier Silveira, Ane Agirregomezkorta eta Kandido Esoain— izan baitira bultzatzaileak.

Batzarrera hainbat jende bildu da, eta haien artean ezker abertzaleko hainbat buruzagi; hala nola, Koldo Gorostiaga Batasunako europarlamentarioa, Arnaldo Otegi eta Joseba Permach Batasuneko mahaikideak, Tasio Erkizia eta Jose Luis Elkoro Herri Batasuna zeneko buruzagiak zein Rafa Diez LABeko idazkari nagusia. Halaber, han ziren Pedro Albiste, Itziar Lopategi eta Inaxio Agirre AuBekoak.

Cuadra Lasartek eta Gonzalezek agertu dutenez, Euskal Herria Europan "nazio gisa" aurkezteko parada emango du Herritarren Zerrendak, azken batean, Ipar Euskal Herrian zein Hego Euskal Herrian proposamen bera bozkatzeko aukera emango baitu. Hala ere, bi zerrenda osatu beharko dituzte: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 54 herritarrek osatuko dute Hego Euskal Herrikoa eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako hamarrek Ipar Euskal Herrikoa.

Hego Euskal Herriko zerrenda aurkezteko sinadura bilketa egingo, Espainiako Estatuan ezinbestekoa baita Europako hauteskundeetara hautagaitzak aurkeztu ahal izateko milaka sinadura biltzea. Bilketa abian dela iragarri dute, eta maiatzaren 8 arte luzatuko dela. Hain zuzen ere, egun horretan jakinaraziko dute zerrenda nortzuk osatuko duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.